Nafarroako Arartekoak Hezkuntza Departamentuari iradoki dio sakon azter ditzala Sakanako hezkuntza-arretaren beharrak. Horretarako hezkuntza zikloak aintzat hartu ditzala iradoki dio, eta, bereziki, hezkuntza premia berezia duten ikasleen kasuak. Arartekoak departamentuari iradoki dio azterketa horren arabera beharrezkoak diren neurriak planifikatu eta ezartzeko, beharrezkoak diren arrazoizko egokitzapenak eginda, ahal den heinean ahalbidetu dadin interesdunak bizi diren landa eremuetako aukeratutako ikastetxeetan (landa-eskoletan) eskolaratzea jasotzen jarraitu dezaten.
Sakanako Herri Eskolen izenean hamar irakasle Arartekoari kexa aurkeztu zioten maiatzean. Hiru eskaera egin zizkioten. Aurrena "Hezkuntza Departamentuak finantzatutako Hezkuntza premia bereziko egitura espezifiko publikoak Sakanako ikastetxe publikoetan kokatzea, eta ez itaundutako ikastetxeetan: ezinbestekoa baita publikoa den zerbitzu hau eskola publikoan kokatua egotea". Hurrena, ibarreko ikastetxe gehienak landa eskolak direla kontuan hartuta, ikastetxe handietarako ezarritako ratioak betetzea ezinezkoa zaienez, ratio horiek modu proportzionalean egokitzea eta etapa berekoak izateko baldintza kentzea eskatu zuten. Eta, atzena, "gure herrietan 0-3 haur eskola publikoak irekitzea, edota etorkizun hurbilean hori ezinezkoa den kasuetan, bestelako irtenbideak ematea". Horretarako dauden eskola publikoak baliatzea eskatu zioten, hala "ibarreko sistema publikoaren hezkuntza eskaintza hobetzea bermatuz".
Arrazoiak
Eskoletako ordezkariek Arartekoari jakinarazi zioten, eskatu arren, ibarreko landa eskola publikoetan Hezkuntza Bereziko egitura espezifikorik ez zegoela. Bakarrik Altsasuko Zelandi eskola publikoan. Irakasleak kexu ziren ezarritako baldintzak herri txikietan betetzea "ia ezinezkoa" zelako. Ondorioz premia bereziak dituzten hainbat ikasle itundutako ikastetxeetan bukatzen dutela gaztigatu dute, haietan halako egiturak dituztelako. Horren ondorioak dira, besteak beste, "hezkuntza sistema publiko, ekitatibo eta inklusibo baten aldeko apustua egin zuten familien erabakia ez errespetatzea, zerbitzua ez izateagatik landa eskola publikoen irudia kaltetzea eta ikasleak ikastetxez aldatzeak eragiten dituenak".
Departamentuak Etxarri Aranazko eta Urdiaingo eskoletako 2 urteko gelak itxiko zituela jakinarazi zuen udaberrian. Aurrenak segitzen du, atzenak ez. Itxierak jakinarazteko moduengatik kexua berretsi ondoren, salatu zutenez, "gure landa eskola publikoaren hezkuntza eskaintza egoera zaurgarrian geratzen da. Izan ere, ondoko herrian 2 urteko gela eta garraio eta jantoki zerbitzuak eskaintzen dituzten ikastetxe kontzertatua baimendua dagoenez gero, itxierak eskola publikoari matrikula galera ekarriko dio".
Hezkuntza arduradunek argudiatu zutenez, "premia bereziko nahikoa ikaslerik ez dago". 0-3 urteko plazen eskaintzari dagokionez, departamentuak, doako plaza publikoen eskaintza handitzen joateko konpromisoa azaldu zuen. Azaldu zuenez, araudian egindako aldaketarekin "Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikasleendako doako plaza publikoen eskaintza zabalagoa eta malguagoa izango da, batez ere landa-eskoletan". Horren arabera 0 eta 3 urteko haurrak hartzen dituen gelako ratioa 12koa da, 2 eta 3 urtekoena 14koa eta 2 urtetik gorakoenak 12. Etxarriko gelaren erregularizazioa aipatzen du erantzunean. Baina Urdiaingoaren itxieraren aipamenik ez du egiten.