Astekaria

"Lana eginda hobetze sentsazioa izaten dute"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko irailaren 18a

Langileak bide bazterrak garbitzen. UTZITAKOA

Iturraskarri proiektuaren bidez lan mundurako prestatzen dituzte gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonak eta kultur ondarea berreskuratzen dute. Ekiñe Ramos Zubiria Irurtzungo Gizarte Zerbitzuetako gizarte hezitzailea da arduraduna. 

Hemeretzi urte bete ditu aurten Iturraskarri proiektuak. Irurtzun aldeko gizarte zerbitzuen babestutako gizarte enpleguko programaren zati bat da. "Prestakuntza izaerako lana" eskaintzen die gizarte bazterketa arriskuan egon daitezkeen pertsonei zuzenduta dago programa. Bere arduradunak, Ekiñe Ramos Zubiriak, haren izaera "sozial eta inklusiboa" azpimarratu ditu. 54 herritan aritzen dira Iturraskarrikoak: Larraun, Lekunberri, Itza, Imotz, Betelu eta Sakanan Arakil eta Arruazu artean. 

Juanjo Zubieta Zubeldia, begiralea, eta Ekiñe Ramos Zubiria, arduraduna. UTZITAKOA

Iturraskarriko parte hartzaileek zein profil dute?
Sistematik kanpo gelditzen diren horiendako da. Gehienak emakumezkoak dira. Beraien egoera pertsonalengatik, orokorrean, langabezian denbora asko daramate eta, aukerarik izan ez dutenez, lan normalizatuetan aritzeko ohiturarik ez dute. Edo beraien egoerak ez die lanpostu horiek eskuratzeko aukerarik eman. 

Nola barneratzen dituzte lan ohitura horiek?
54 herrietan langileek bi helburu dituzte. Batetik, eskualdeko bidexkak, bide sare guztia, irekita mantentzea. Horretarako, sasi garbiketak egiten dituzte makinekin, dauden zubitxoen mantentze lanak egin eta halakoak. Bestetik, bide edo herri horietan opatzen dugun kultur ondareko elementuak berreskuratzen dituzte, esaterako: garbitokiak, iturriak, ferratokiak, galtzin labeak, elur zuloak... Halakoetan margotze lanak, teilatuak konpondu eta bestelako lanak egiten dituzte. Proiektua maiatzean hasten da eta sei hileko iraupena du, eta batzuetan ezinezkoa da sareko bide guztiak garbitzea. 

Zenbat daude Iturraskarrin?
Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren araberakoa da hori. Aurten sei pertsona ari dira, lau gizonezko eta bi emakumezko. Iturraskarriko langileekin batera laneko begiralea dago, Juanjo. Babestutako gizarte enpleguaren barruan udalek beste kontratazio batzuk egiten dituzte, esaterako, herrietan garbiketa lanak eta bestelakoak egiteko. Horretan hiru emakumezko ari dira. 

Nolakoa da haien egun bat?
Sei orduko lanaldia dute. Bajeran dute goizeko hitzordua. Egun horretako lanean erabiliko dituzten tresnak furgonetan sartu eta harekin dagokien herrira joaten dira lanera. Batzuetan sasiak garbitzeko makinarekin ematen dute egun guztia. Lan oso gogorra da: lan egiteko ohitura falta, eltxo pila, ezparak, bero handia, maldak, makinaren karga... Lana eginda hobetze sentsazioa izaten dute. Lana egiteko gai izan denez, autoestimuan eragina du. Tarteka terapia lanak deitzen ditugunak tartekatzen dizkiegu, esaterako; garbitokia margotu, teilatua lixatu, jolas parkeko zabuak konpondu... Hasieran eta akaberan argazkiak egiten ditugu, eta haiek begiratze hutsarekin egindako lana eskertzen da. Fisikoagoa den lana lasaiagoak direnekin uztartzen saiatzen gara. 

Bukatzean aldaketarik sumatzen zaie parte hartzaileei?
Helburua pertsonak lan normalizatuetara bideratzea da. Batzuek lortzen dute, beste batzuendako zailagoa da. Iturraskarri proiektua bukatuta ere, pertsona horiekin lanketan segitzen dugu. Baina ordurako martxa hartuta dute. Esan ohi denez, "bidean zaudenean gauzak gertatzen dira. Bidean ez zaudenean ez dira gauzak gertatzen". Gizarte hezitzaile gisa pertsona horien akonpainamendua egiten dut. Lan arloaz aparte, pertsonaren beste eremu batzuk ere badaude: emozioak, familia, osasuna... Lanean ongi egoteko arlo horiek ere landu behar dira. Horretarako bete ahal diren helburuak jartzen ditugu. Programan dauden bitartean ere haiekin bilerak izaten ditugu. 

Nafar Lansarerekin harremanik baduzue?
Hiru arlo ditu Iturraskarrik: lan arloa, akonpainamendua eta prestakuntza. Proiektuak iraun bitartean pertsonak trebatzen ditugu. Aurten, esaterako: nominak ulertzea; mugikorraren bidez nola bilatu lana; autoestimua eta asertibitatearen lanketa eta gatazken kudeaketarako emozioen autoerregulazioa... Trebakuntza garaian Nafar Lansarerekin harremana dugu, baita proiektua bukatzean ere. 

Nola antolatzen zarete?
Udal eta kontzejuei haien beharrak edo desirak zein diren galdetzen hasten gara martxo aldera. Udal bakoitzarekin bilera egin eta lanen zerrenda osatzen goaz. Jakitun dira muga bat dagoela. Azpimarratzen diet proiektuak kutsu soziala duela. Ulerkorrak dira. Gu, ahal den neurrian, eskaerei erantzuna ematen saiatzen gara. 

Nola finantzatzen da proiektua?
Populazioaren arabera udal bakoitzak Iturraskarriri urtero diru kopuru bat ematen dio. Kontuan izan behar da lanak egiteko materiala behar dela. Nafarroako Gobernuak finantzatzen du. Eta gobernuak ematen duenaren %40 Europar Batasunak emandakoa da. 

Sakanan zer lan egin dira?
Esaterako, Izurdiagako aterpea txukundu, Egiarretako eta Ekaiko garbitokiak txukundu, Satrustegiko txondorrari teilatua jarri, garbitokia eta hilerria txukundu, Irañetan ferratokia, Uharten bi iturri berreskuratu ziren, jolas parkeak txukundu, Arakilgo oinezkoendako bide sarea... Iturraskarriren bidez zabaldu diren bide horiek ezagutzera animatzen zaituztet.