Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan ikasturte berriko xehetasunak lotzen ari da Amaia Gerrikagoitia Uriarte kirol teknikaria. Lehen ekitaldi garrantzitsua Sakanako Bizikleta Eguna du.
Irailaren 21ean 31. Sakanako Bizikleta Eguna izango da.
Bai, dagoeneko jendea animatu da. Mank-eko Kirol Zerbitzuan, Sakanako ikastetxeetan, kiroldegietan eta beste eman zitekeen izena irailaren 15era arte.
Zergatik da derrigorrezkoa izena ematea?
Batetik, partaideek autobus zerbitzua erabiliko duten jakin eta azpiegitura antolatzeko. Bestetik, eta garrantzitsuena, asegurua egiteko. Ekimenean parte hartzen duten pertsona guztien asegurua egin beharra dugu.
Aurten Irurtzundik aterako da martxa, Altsasuraino (39 km).
Irailaren 21ean 9:00etan aterako gara Irurtzundik, eta 13:00ak aldera Altsasura iristea espero dugu. Bide erdian, 11:00ak aldera, gosaltzera geratuko gara, Lakuntzan.
Aurten Sakana gurutzatuko duen bizikletendako bidea egiten ari dira. Sakanako Bizikleta Eguna bertatik pasako da?
Ez, oraindik lanak guztiz bukatu ez direlako. Aurten bukatuko dira, eta bide ederra izango da benetan. Dagokion mustutzearen ondoren hasiko gara ibilbidea erabiltzen.
Sakanako Bizikleta Eguna egun polita izaten da, familian eta lagunartean aritzeko egokia. 10 urtetik gorakoek eman dezakete izena, eta txikiagoek arduradun baten zaintzapean egon beharko dute.
Hala da. Barranka Txirrindularitza Taldekoek prestatzen dute ibilbidea eta martxa oso ongi zainduko dute, beti bezala. Aurten Lakuntzako Aralar klubari dagokio ibilbidea irekitzea, autoarekin. Urtero txandaka egiten dute Burunda klubarekin. Ibilbidea ixten Aitor Mendoza joango da. Eta baita autobusa, bizikletak eramateko kamioia eta anbulantzia ere. Eskerrak guztiei.
"Herrietako paseo taldeetakoak pozik daude. Hobeki daudela nabaritzen dute"
Zorionez, ez da aparteko arazorik gertatzen.
Ez, ondo zainduta joaten gara. Bakoitza adi ibiliz gero, eta bizikleta txukun ekarrita, ez du ezer gertatu beharrik.
Bizikleta Egunera bizikleta ongi begiratua eraman beharra dago.
Bai, ezinbestekoa da. Mekanikaria beti gurekin etortzen da, baina momentuan gertatutakoak konpontzeko bakarrik. Sakandarrak anima daitezela, egun polita izaten delako, Sakanako txoko ederretatik pasatuz gozatu dezakeguna.
Ikasturte berriaren atarian gauden honetan, Kirol Zerbitzuan ohiko programazioarekin jarraituko duzue?
Egutegia betea dugu. Irailaren 28an mendi bizikleta ibilaldia antolatu dugu Fitero aldera, Alhama ibaiaren bide berdea ezagutzeko (49 km). Izena ematea zabalik dago. Aurretik, irailaren 19an Emakumeendako Atletismo Eskola hasiko da.
Ia konturatu gabe, eskolak hamalau urte beteko ditu, Dantzalekun.
Bai, harrera ona du. Urtero 15-20 partaide inguru izaten ditu. Aurten bi talde egongo dira. Maiatzaren 29ra arte, ostiralero, 17:00etan hobekuntza taldea trebatuko da, eta 18:00etan hastapeneko taldea. Izena ematea zabalik dago (60 euro).
Antolatutako kirol ikastaro eta ekitaldi guztietara animatzeko deia egiten diet sakandarrei: kirola egin, eta aktibo izan!
Sakanako Aizkora eta Harri Jasotze Eskolek martxan segiko dute?
Bai. Aizkora eskolak harrera bikaina du, urtero tokiak betetzen dira, eta aurrerago egingo dugu deialdia. Sakanako Harri Jasotze Eskola ekimen jarraitua da.
Aurten Sakanako Harri Jasotze Eskolak sekulako booma bizi du. Gora egin du, modu ikusgarrian.
Kuadrilla handi bat elkartu da, eta emakume asko animatu dira. Giro ona dute, gogotsu daude eta hainbat plazatara aurkezten ari dira. Harriez gain, ingude altxatzea, txingak eta aukera desberdinak landu nahi dituzte, eskola zabaldu. Gauza berriak egiteko gogoz daude. Urte askotan eskola hauen aldeko apustua egin dugu, eta taldeak sendotzen direla ikustea pozgarria izaten da.
Bestelako ikastaroak prest dituzue.
Irailaren 23an emakumeendako indar tailerraren ikastaroa dugu Arbizuko kiroldegian, 18:00etatik 20:00etara. Gero eta ikerketa gehiagok adierazten dute zein garrantzitsua den indarra lantzea adin guztietan. Bestalde, fibromialgia eta halako gaitzak arintzeko ikastaroa antolatuko dugu, gaitasun desberdinak dituztenendako soinketa egokitua eta igeriketa ikastaroa... Ikasturte hasiera nahikoa saltsa izaten da.
Kirol Orientazio Zerbitzua, martxan.
Irailaren 15etik aurrera martxan jarri dira herrietako soinketa eta paseo taldeak, Dani Echavarriren esku. Aurten Irañetan taldea sortuko da. Zerbitzuan Osasun Etxeekin eta hainbat talderekin koordinatzen gara ariketa fisikoaren onurak sustatzeko. Zerbitzuko erabiltzaileak oso gustura joaten dira ariketa fisikoa egitera. Beraien eguneroko bizitzan hobeto daudela nabaritzen dute, bai fisikoki, eta baita gogotsu ere, energia aldetik. Jendearekin egoteak ere poza ematen die. Alderdi askotatik datozkie onurak.
Bi urtetik behin Sakanako kirolari onenak izendatzen dituzue. Aurten dagokizue.
Orain proposamenak jasotzeko tartea da. Edozeinek, bere ustez kirol saria jasotzea merezi duen hautagaien bat proposatu dezake, azaroaren 24a baino lehen. Proposamenak egitera animatzen ditut sakandarrak: talde onena, euskara bulkatzen duen taldea, kirolari onenak... Irurtzunen izango da sari ematea.
Kirol agenda beteta dago.
Bai, eta guztietara animatzeko deia egiten diet sakandarrei. Kirola egin, eta aktibo izan!