Auritzen,urriaren 4an, hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa; 47. edizioa. 24 bertsolarirekin ekingo dio bideari. Finala Nafarroa Arenan izanen da, azaroaren 29an. Saio guztiendako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian izanen dira salgai.
Lehenengo aldiz izanen da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala Nafarroa Arenan, eta horregatik ere txapelketaren aurkezpenea aretoaren atarian egin zuten. Nerea Bruño Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Saioa Oneka Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea, eta Jabi Arakama Euskarabidea - Euskararen Nafarroako Institutuko zuzendari kudeatzailea izan ziren; azken honek proiektuari babesa emateko izan duten prestutasuna agertu zuen. Bruñok txapelketak eginen zuen bidea aipatu zuen: "Nafarroaren lur berdiak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu", eta bertsolaritzak euskarari eta euskarazko kulturari egiten dioten ekarpen "mamitsua" eginen diola gaineratu zuen. Euskal kulturaz gozatzeko "topaleku" izanen da txapelketa ere.
Nafarroako bertsolaritza "une gozoan" dagoela esan zuen elkarteko lehendakariak: 2023ko edizioan Anaitasunako finala inoizko jendetsuena izan zen, eta ordutik "gorakada" izaten ari dela gaineratu zuen, bai ikusle kopuruari bai bertsogintzari erreparatuz. "Horregatik, 2025eko txapelketako finala Nafarroa Arenan izanen da lehenengoz, urtez urte gora doan bertsolarien mailak eta gerturatzen den bertsozale kopuruaren gorakadak, urrats kuantitatibo eta kualitatibo hau ematera garamatza".
Txapelketa
30 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, Onekak azaldu zuenez. Behin sailkatze fasea igarota, 24 izanen dira Auritzen abiatuko den ibilbidean. "Guztira, zortzi saio izanen ditu". Lehenengo faseak lau saio izanen ditu: Auritzen, Mutiloan, Iruritan eta Los Arcosen. 18 bertsolarik eginen dute aurrera, finalaurrekoetara; hiru saio izanen dira: Agoitzen, Leitzan eta Tafallan. Azkenik, Iruñean zortzi bertsolari ariko dira.