Irurtzungo eta Arakilgo udalek antolatuta, Irurtzungo plazak hamabigarrenez bertako ganadu azoka hartu zuen. Frontoian bertako arrazetako azienda ikusgai izan zen. Plazan hamasei ekoizlek beraien produktuak saldu zituzten. Salmenta mahaietan ukenduak, ahuntz eta ardi gazta, sagardoa, barazkiak, behi esnekiak, txerrikia, eztia eta ardoa opa zitezkeen. Lizarra kalean, berriz, Arbaso elkarteko artisauek postuak jarri zituzten. Bitxigileak, zurginak, arropa egileak eta zeramistak izan ziren, besteak beste.
Artzain gazta dastaketa eta lehiaketa herrikoia ere jokatu zen. Herritarren iritziaren arabera gazta onena Dorraoko Utxama gaztandegikoa izan zen. Egozkueko Loperena gaztandegia izan zen bigarrena eta hirugarren saria Goldarazko Artetan gaztandegiak eskuratu zuen. Aurretik, Aitor Chaparrok zaldia nola ferratzen diren erakutsi zuen. Goizean, Brun forjariak lanean ikusteko aukera izan zen. Sega eta igitaiak nola zorrozten ziren eta sokak nola egiten ziren ikasteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Hori gutxi ez, eta soka egin berrian soka saltoan aritzeko aukera izan zuten animatuenek. Gainera, lehen sektoreko garai bateko makina bat lan tresnen erakusketa izan zen. Haurrek kanoi batek botatako gozokiak eskuratzeko aukera izan zuten. Pikuxar euskal txokoan izandako bazkariaren ondoren herri kirol proba izan zen bi udalerrien artean.