Atletismoa

Ergoienako Biraren txanda, Lizarragara

Guaixe 2025eko irailaren 16a

Joan zen urteko lasterketak Dorrao izan zuen abiapuntu eta bukaera. ARTXIBOA

Irailaren 20an, larunbata, XIX. Ergoienako Bira jokatuko da Lizarragan, 8,5 km-ko lasterketa gorabeheratsua. Izena ematea zabalik dago.

Ikasturtea hasi eta berehala dator Ergoienako urteroko hitzordua: Ergoienako Bira. Bailarako herriei bizia emateko antolatutako probak aurten hemeretzigarren edizioa du, eta Lizarragak hartu dio lekukoa Dorraori. Betiko moduan, lasterketa Ergoienako Udalak antolatzen du, bailarako hiru kontzejuekin eta bestelako laguntzaileekin. Lasterketa Sakanako Koparako puntuagarria da. 

Ibilbideari dagokionez, Ergoienan izaki, lasterketa gogorra eta gorabeheratsua izango da. Irailaren 20an, Lizarragatik aterako dira korrikalariak, 10:00etan. Dorraora eta Unanura joko dute lehenengo, atzera ere Dorraotik eta Unanutik pasa eta Lizarragako helmugara heltzeko (8,5 km). Nagusien aurretik, haurren lasterketa izango da. 

Aurretiazko izena ematea zabalik dago Rockthesport webgunean. Bestela, egunean bertan eman daiteke izena, proba hasi baino ordu bat lehenago. Joan zen urtean helduen proban 39 korrikalari lehiatu ziren, eta haurren mailan 24 haur. Lizarragan parte hartze horri heldu nahi diote.