Merkataritzaren gaitasun digitalak hobetzeko ikastaroa

Guaixe 2025eko irailaren 17a

Ibarreko dendariak prestakuntza saio batean. SDOZE

Cederna Garalur elkarteak bulkatutako ekimena, Nafarroako Landa Merkataritza Dinamizatzeko Zerbitzu Sarearen bidez, MK Comunicacion-en prestakuntza espezializatuarekin.

Negozio baten ardura duten pertsonen gaitasun digitalak indartzeko helburuarekin, Nafarroako Landa Merkataritza Dinamizatzeko Zerbitzu Sareak doako prestakuntza eskainiko die Sakanako merkatariei. Cederna Garalur elkarteak jakinarazi duenez, edukia sortzeari eta Meta Business eta Google Business enpresen erabilera estrategikoari buruzko prestakuntza jasoko dute dendari parte hartzaileek. 

Izena ematen dutenek bi arlotan trebatzeko aukera izanen dute. Alde batetik, eduki digitala sortzen. Saio horietan bezeroekin konektatuko duten testuak, irudiak eta bideoak sortzen ikasiko dute. Eta, bestetik, Meta eta Google Business erabiltzen ikasiko dute. Tresna horiek dendarien negozioaren ikusgaitasuna sare sozialetan eta bilatzaileetan hobetzen dute. Sakanako saioak Altsasuko Gure Etxea eraikinean izanen dira lastailaren 14, 15 eta 16an, asteartetik ostegunera, 14:30etik 16:30era. Aurreneko bi egunetan eduki sortzeko moduez ariko dira, atzenekoan, berriz, bi tresnez. Izen-ematea irekia dago. Horretarako labur.eus/2g4bbmre webguneko galdetegia bete beharko da. 

Saioak ahalik eta emankorrenak izan daitezen, antolatzaileek honako elementuak eramatea gomendatu dute: telefono mugikorra, argazkiak egiteko objekturen bat (ez oso handia, estudio argazkilaritza lantzeko izango da) eta ordenagailu eramangarria.