Adonak gizarteari '5000 Erronka' luzatu dio

Guaixe 2025eko irailaren 24a

Unitate mugikorra Etxarrin. ARTXIBOA

Adonak erronka kolektibo bat proposatzen du: urtea despeditu aurretik 5.000 aferesi emate horiek lortzea. Nafarroan odola ematen duten pertsonen konpromisoa eta elkartasuna balioetsi nahi du horrela. Emaile berriek ere parte hartzeko aukera dute.

Nafarroako Emaileen Elkarteak, Adonak, 5.000 aferesi emate lortzeko erronka egin du. Ekimen solidarioa da, eta Nafarroako herritar guztiei dei egiten die, odol emaile izan edo ez, urtea bukatu aurretik 5.000 aferesi dohaintza gaindi ditzaten.

Adonak aurten aferesi bidezko 4.500 emate lortzea zuen helburu, eta kopuru hori lorgarritzat eta errealistatzat jo zen. Hala ere, Nafarroako odol emaileen konpromiso maila handiak eta odol osagai horien premia gero eta handiagoak posible egiten dute helburu altuago bat bilatzea. 5.000 Erronka izeneko kanpaina eskuzabaltasunerako deia da, baina baita Nafarroako gizarteak beti erakutsi duen erantzun bikainaren aitorpena ere.

Adonak gogorarazi du aferesi emate bakoitzak balio duela eta 5000 Erronka lortzea ohiko emaileek eta keinu solidario hori egitera animatzen diren pertsona berriek elkarrekin egindako ahaleginari esker bakarrik izango dela posible. "Tanta bakoitzak balio du. Emate bakoitzaren atzean bizitza bat dago, hobetu edo salbatu daitekeena. 5000 Erronka Nafarroak gehien behar denean erantzuten duela erakusteko modurik onena da".

Zer da aferesia ematea?
Aferesia prozedura bat da, eta modu selektiboan ateratzen dira, emailearen zainetik hainbat odol osagai, esaterako plaketak edo plasma, ezinbestekoak direnak paziente onkologikoendako, transplantea izan dutenendako edo immunoglobulinekin edo koagulazio faktoreekin tratamenduak behar dituztenendako. Ohiko dohaintza baino luzeagoa da (ordubete ingurukoa), baina baita espezializatuagoa ere. Aferesi bidezko ematean globulu gorririk hartzen ez denez, azkarrago berreskuratzen da plasma edo erauzitako plaketak (hilabete bat aferesi emate baten eta hurrengoaren artean).

Halako emateak Odol Bankuaren Iruñeko eta Tuterako egoitzetan eta herrietara joaten den unitate mugikorrean egiten dira. Izena emateko: adona.es.