Balioen betaurrekoekin idatzi beharreko narrazioak

Guaixe 2025eko irailaren 25a

Zurrumurruen kontrako ipuin lehiaketako joan zen urteko sari banaketa Uharte Arakilen egin zen. ARTXIBOA

Zurrumurruen kontrako ipuin lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak Zurrumurruen Kontrako Ipuin Laburren Lehiaketa antolatu du seigarren aldiz. Literatur lehiaketaren bidez elkarbizitzari modu ezkorrean eragiten dieten jatorri anitzeko pertsonen inguruko zurrumurru eta estereotipo ezkorrei aurre egin nahi die Anitzarteanek. Horiei kontrajarri nahi die kulturartekotasuna eta kohesio soziala, bazterkeriaren kontrako jarduna, baita arrazakeria eta xenofobiaren kontra jardungo duten pertsona eta entitate konprometituak sortzea eta sendotzea ere. Horiez aparte, narrazio laburrak idazten dituztenak Anitzartean zerbitzuak sustatzen dituen balioak kontuan hartu beharko dituzte: aniztasuna, berdintasuna, errespetua, diskriminazio eza, elkarbizitza, kulturartekotasuna, arrazakeriaren, aurreiritzi eta zurrumurruen kontrako borroka, aniztasunaren ekarpen eta abantailak. Zerbitzuaren Zurrumurruen jasari, baloreak aterki leloa bere egin beharko dute, beraz, idazleek. Eta kontakizunetan aniztasunak, tratu eta aukera berdintasunak, eta bestearekin bizitzeak dakarzkigun onurak kontatu beharko dituzte.

Parte hartzeaz
Sakandarrei zuzendutako literatur lehiaketa horretan lanak euskaraz eta gaztelaniaz aurkez daitezke. Hizkuntza bakoitzean bina maila daude, 16 urte artekoena eta 16 urtetik gorakoena. Maila bakoitzean hiruna sari banatuko dira. Narrazio laburrek, gehienez ere, lau orrialdeetako luzera izan behar dute. Arial tipografiaren 12ko tamainarekin idatzi beharko dira, espazio bikoitzean. Lehiaketara aurkezten diren lanek originalak, berriak eta beste lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute.

Parte hartzaileek PDF formatuan anitzartean@gmail.com edo bitartekaria@sakana-mank.eus posta elektronikoko helbideetara bidali beharko dute idazlana. PDF-en izena Zurrumurruen Kontrako Ipuin Laburren V. Lehiaketa eta izengoiti bat izanen da. Horrekin batera, beste PDF formatuko agiri batean parte hartzailearen datuak jarri beharko dira: izen-abizenak, jatorria, helbidea, posta kodea, telefona, identifikazio zenbakia, eta posta helbidea. PDF horren izenean Zurrumurruen Kontrako Ipuin Laburren V. Lehiaketa, izengoitia, ipuinaren izenburua, hizkuntza eta adin tartea aipatu beharko dira. Lanak bidaltzeko epea lastailaren 15ean despedituko da. 

Sari banaketa ekitaldia azaroaren 20an eginen da. Sarituek Sakanako Dendarien Elkarteko saltokiren batean aldatzeko txartelak eskuratuko dituzte. Lehiaketari buruzko argibide guztiak sakana-mank.eus webgunean daude.