Lizarragako Linosena etxeko Boni Luis Erdoziak 100 urte bete zituen agorrilaren 5ean. Goizetik auroroek etxean kantuan izan zituen. Luisek urtebetetzea familiaz, lagunez eta lizerratarrez inguratuta ospatu zuen. Familiarekin bazkaria egin ondoren, herriko plazan ongi hornitutako merendu goxoa izan zen herritar guztiendako. Bere iloba Edurnek eta Ane, Mireia eta Irune birbilobek aurreskua dantzatu zioten. Oihan eta Mairi birbilobek Txoriak txori kantatu zioten. Udalaren aitortza jaso zuen.
Urtebetetze festan izan zirenek azaldu dutenez, ospakizunean "giro hunkigarria eta polita sortu zen, elkartasun eta festaren ikur. Herriak eta familiak eskaini dioten omenaldian, belaunaldi askoren errespetua eta maitasuna jaso zituen. 100 urteko bizitzaren ospakizuna, belaunaldien arteko lotura, eta bizitza osoan zehar egindako lanaren eta eskuzabaltasunaren adierazpena izan zen".
Ehun urte bete dituen lizerratarra bost anai-arrebetatik hirugarrena zen. Oso gaztetan Etxarri Aranatzera lanera joan zen. Ama hil zitzaion eta aitak bere burua sei umerekin ikusi zuen. Horregatik, Luisek 13 urterekin Urritzolara joan behar izan zuen, zerbitzari lanak egitera. Ondoren, Iruñerako bidea hartuko zuen. 22 urte zituela Cesareo Elsorekin ezkondu eta etxekoen zaintzaz arduratu zen. Senarra 96 urterekin hil zen. Luisek familia handia du: sei seme-alaba, hamalau biloba eta hamaika birbiloba.
Lehen bisita
Altsasuko Udalak festetan herriko bi pertsona adinduenak omentzeko ohitura du. Irailaren 14an bi pertsona horiengana bisitan joan ziren eta udalbatzako kideek bakoitzari lore sorta eder bana oparitu zieten. Hura jasotzen lehena Clara Olmedillo Aldasoro izan zen, agorrilaren 9an ehun urte bete zituena. Bere iloba Erkudenek kudeatzen duen Zelai kafetegian jaso zuen sorta, Esther Merino Casero (96 urte) eta Mari Carmen Arakama Arregi (92 urte) lagunak eta Gerardo Olmedillo Aldasoro anaia (96 urte) eta Juanita Arakama Zelaia koinatua (93 urte) ondoan zituela.
Olmedillo bakarrik bizi da eta osasuntsu dago, ikusmena apur bat galduta badu ere. Gaztetan Domingo Castro Luna katalanaz maitemindu zen. Baina ezin zen gurasoengandik urrundu. Ama 93 urterekin hil ondoren, 60 urteak paseak zituenean Domingorekin ezkondu zen. Bartzelonan 22 urtez bizi izan zen, senarra 2010ean hil zen arte. Altsasura, San Joan kalera, bizitzera bueltatu zen, sortetxetik gertu. Haurretan, oraindik eskolara joaten zela, 9 urterekin lanean hasi zen, brodatzen. 40 urtez brodatzailea izan zen. Modista ere izan zen. Hamabina urtez tindategi batean eta Isphording enpresan lan egin zuen. Azken horretan jubilatu zen.
Hurrengoa
Altsasuko jubilatu elkartean lagunekin gosaldu ondoren jaso zuen udalaren lore sorta Joaquin Regales Sierrak, azaroaren 11n 100 urte beteko dituenak.
Madrilen sortua, bi hilabete zituela familia Escorialera joan zen bizitzera. Ama gaixotu egin zen eta Gredos mendilerroko Pedro Bernardo herrira bidali zuten, aitona-amonekin bizitzera, bizpahiru urteren ondoren Escorialera bizitzera bueltatzeko. Trenbideko langile familiakoa, 1940tik bizi da Altsasun. Hasieran geltokian bizi ziren. Baina 1957an Altzania kalean eraikitako pisura pasa zen familia. Han segitzen du bizitzen. Teodora Iza Huizi etxarriarrarekin ezkondu eta bi seme izan zituzten: Jokin eta Mikel.
Regales, egunero esnatu eta gosaldu ondoren, bazkaria prestatzen hasten da. Eguerdian jubilatuen elkartera joaten da, etxera bazkaltzera bueltatzeko. Elkartera arratsaldeetan bueltatzen da, orduan lagunekin kartetan, tutean aritzeko. Joan-etorri horiek lagunduta egin behar izaten ditu orain. Duela bi urtera arte Larruntza dermioan zuen baratza gobernatzen zuen. Jorratzen egon zen joan zen urtean, eta orain begiratzera besterik ez doa.
Renfen aritu zen lanean. Han lan gutxi egin eta gutxi kobratzen zela azaldu du. Eta, horregatik, aldi berean bi lanetan aritu zen, Renfen eta Suarez anaien fundizioan. 20 urte eman zituen bi enpresatan lan egiten eta, azkenean, erabaki zuen fundizioan gelditzea. Eta, ondoren, eskularruak egiten zituen Ochoa de Eribe enpresan.