Gero eta gutxiago falta da Sakanako bizikleta bide sarea egiteko lanak despeditzeko. Agorrila akaberan eta irailaren hasieran bide sarean hainbat ekipamendu jarri dira: atseden hartzeko guneak, txirrindulariendako zerbitzuak eta segurtasuna indartzeko elementuak. Horri esker, bidea erosoagoa eta seguruagoa izanen da bai sakandarrendako, bai Sakanan bizikletaz gozatzera etortzen direnendako.
Berriki jarritako altzari eta babes neurri horiek A. Bengoetxea enpresak jarri ditu eta lana egiteagatik 172.753,45 euro (BEZik gabe) jaso ditu. Lanok Next Generation EU funtsekin finantzatu dira, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan. Proiektu horretarako Sakanako Mankomunitateak 150.456,21 euroko laguntza jaso zuen.
