Futbol denboraldian murgilduta, bete-betean

Maider Betelu Ganboa 2025eko irailaren 19a

Altsasu, hirugarren maila mustutzeko prest. ALTSASU KIROL ELKARTEA

Nafarroako Futbol Federazioko 2025/2026 denboraldia abian da. Aurreko asteburuan Altsasuk preferente maila mustu zuen, baina asteburu honetan hasiko dute liga gainontzeko talde gehienek. Futbolaren makineria martxan da.

Talde gehienek asteburuan ekingo diote 2025/2026 denboraldiari. Emakumezkoen hirugarren maila asteburuan mustuko du Altsasuk. Irailaren 21ean Tuterako Lourdes talde hartuko du, 12:00etan, Dantzalekun.

Preferente mailan, Altsasuk Mendiren kontra jokatu zuen kategoria berriko denboraldiko lehen partida. Norgehiagoka oso lehiatuan, Altsasu 1-0 galduta itzuli zen etxera. Irailaren 20an Altsasuk Amigo taldea hartuko du Dantzalekun, 18:15ean. 

Erregionalean, bosgarren multzoan jokatuko dute Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak. Altsasu erregional mailako taldea osatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Etxarrik Arga Ibaia hartuko du irailaren 20an, 16:30ean, San Donaton. Lagun Arteak San Jorge B-ren kontra jokatuko du irailaren 21ean, 18:15ean, Iruñean.

Bigarren jubenil mailan Altsasu A, Altsasu B, Etxarri Aranatz eta Lagun Artea lehiatuko dira. Bosgarren multzoan, Altsasu A-k Kirol Sport B hartuko du irailaren 21ean, 15:30ean, Dantzalekun. Egun berean, Etxarrik Liceo Monjardin A du aurkari San Donaton, 17:00etan, eta Lagun Arteak San Ignacio A hartuko du, 18:00etan, Itxesalden. Seigarren multzoan, Altsasu B-k Rotxa B taldea izango du aurkari irailaren 20an, 11:15ean, Lezkairun.

Kadeteen preferenteko bigarren multzoan jokatuko dute Lagun Arteak eta Altsasuk. Irailaren 20an, Atarrabiaren kontra ariko da Lagun Artea, 18:30ean, Atarrabian. Altsasuk, aldiz, Ardoi B izango du aurkari irailaren 21ean, 12:00etan, El Pinarren. Bestalde, kadeteen bigarren mailako zazpigarren multzoan Altsasuk eta Etxarri Aranatzek euren arteko derbiarekin hasiko dute denboraldia, irailaren 21ean, 10:00etan, Dantzalekun.