Astekaria

Sakana Patin, Liga Nazionaleko txapelduna

Maider Betelu Ganboa 2025eko irailaren 25a

Sakana Patineko boskotea, txapeldunen trofeo preziatuarekin. SAKANA PATIN

Sakana Patin taldeak 15 urtez azpiko Liga Nazionaleko hirugarren maila irabazi zuen Irailaren 14an A Coruñan, meritu handiz, txapelketako klub xumeena delako. Bigarren mailara igo dira, eta datorren denboraldian lehian jarraitu nahiko lukete

Sakana Patin taldeak balentria lortu du: 15 urtez azpiko abiadura irristaketako Liga Nazionaleko hirugarren maila irabaztea, asteburuan Oleirosen (A Coruña) jokatutako hirugarren eta azken jardunaldian.

Noa Floresek, Aiora Resanok, Nahia Zamarronek, Eneritz Fresnedak eta Elaia Agirrek osatzen dute 15 urtez azpiko Liga Nazionaleko Sakana Patin taldea. Talde txapelketa denez, bost irristalariek lortutako emaitzak batu egiten dira puntuak ematerakoan. "Gijoneko lehen jardunaldian Madrileko CPV Rivas gure arerio nagusiaren atzetik geratu ginen, baina Alucheko (Madril) bigarren jardunaldian Rivasekoen gainetik jarri ginen, 12 puntu gorago. Irailaren bigarren asteburuan A Coruñan aldea handitu genuen, gure irristalariak bikain aritu zirelako, eta txapelketa irabaztea lortu genuen" dio, pozarren, Sakana Patin taldeko arduradun eta monitore Oscar Zamarronek. Berarekin batera Unai Villalobosek eta Maddi Goya dira entrenatzaileak.

Nekeza, baina zoragarria
Sakana Patinek asteburu osoa eman zuen Galizan. "Irailaren 12an 10:00etan hartu genuen autobusa. Irailaren 13ko goizean pista probatu eta 15:00etan hasi ziren probak. Irailaren 14an eguerdian bukatu zen txapelketa, eta 21:30ak aldera iritsi ginen Altsasura. Nekeza izan da, baina zoragarria, trofeoa ekarri dugulako".

Oleiroseko azken jardunaldian 300 m abiadura (pistari buelta eta erdia), 3.000 m puntuazioa, 1.000 m abiadura (pistari bost itzuli) eta 3.000 m erreleboak (boskoteak, txandaka, erreleboak egiten ditu; buelta bakoitzeko erreleboa egiten da) izan ziren egin beharreko probak. Aurreikusi baino hobeki aritu ziren sakandarrak. "Aurretik genuen aldea mantentzera joan ginen. Taldeko txikienak erdi aldean sailkatuko zirela pentsatzen genuen, baina kanporaketetan aurrera egiten zuten, eta Rivasekoen gainetik sailkatzen ziren. Gainontzekoak, berdin. Probak aurrera egin ahala, Rivasekoei alde gehiago ateratzen genien".

Aldea ongi kudeatu
Erreleboen proba zen erabakigarriena, bertan puntu gehienak ematen baitira. "Final handira sailkatu ziren sei taldeen artean geunden Hirugarren mailako Liga Nazionala irabazteko nahikoa genuen azkenak ez izatearekin, eta, horregatik, modu nahiko kontserbatzailean lehiatu ginen, gehiegi ez arriskatu eta erorikoak eta bestelakoak ekiditeko. Kontu gehiagorekin atera ginen, helburua ez baitzen erreleboak irabaztea, baina hala ere bigarrenak izan ginen".

Oscar Zamarron: "Nekeza izan da, baina zoragarria, trofeoa ekarri dugulako"

Sakana Patineko bost irristalariak "oso pozik" daude 15 urtez azpiko hirugarren mailako Liga Nazionala irabazteagatik. "Gurea gainontzekoak baino talde askoz ere txikiagoa da, baliabide gutxirekin, ez baitugu pistarik. Frontoietan edo industrialdeetan entrenatzen dugu, eta tarteka Iruñera joaten gara pistan entrenatzera". Beraz, sakandarrek lortutakoak meritu handia du. "Beste taldeetako entrenatzaileak gu zoriontzera etorri ziren, jakitun direlako gurea talde oso xumea dela. Ciudad del Turia, Rivas Madrid, Toledo... eta halako taldeak ikusten badituzu, aldea oso handia da. Asterixen Galiako herri txiki horren antzekoak gara beraien aldean (kar-kar).

Ongietorri beroa
Sakana Patin taldekoak irailaren 14ko gauan iritsi ziren Altsasura. Unai Villalobos entrenatzailea eta lagunak zituzten zain, bengalak piztuta. "Sekulako festa. Ilusio handia egin zien. Altsasuarrek festetan ospatu zuten". 

Taldea egokitu
15 urtez azpiko Liga Nazionaleko hirugarren mailako lehen bi taldeak mailaz igo dira; Sakana Patinek, beraz, 2026 denboraldian bigarren mailan jokatuko du. 15 urtez azpiko txapelketa denez, datorren denboraldian taldeko bi irristalari, Elaia eta Eneritz, baja izango dira adinagatik. "Oporretako geldialdia eta gero hasiko gara berriro martxan. Atzetik datozen irristalariak igotzea da asmoa, baina ongi aztertu beharra dago. Liga honetan aritzeak irristalariei eta familiei konpromiso gehiago eskatzen die, bidaia luzeagoak egitea, eta familia batzuk ez daude prest. Beraz, zer dugun ikusi beharko dugu". Bestalde, abenduan bilera bat egingo dute antolatzaileek, beste klubetatik utzitako irristalariekin taldeak osatu ahal diren erabakitzeko. "Klub handiek irristalariak dituzte soberan, eta txikiek, aldiz, faltan. Konponbide bat litzateke kluben artean irristalariak uztea. Ea zer erabakitzen duten". 

"Gurea gainontzekoak baino talde askoz ere txikiagoa da, baliabide gutxirekin, ez baitugu pistarik behar bezala entrenatzeko

Irristaketa eskola, hastear
Urrian hasiko dira martxan irristaketa eskolak. Altsasuko eskola eta Sakana Patin lehiaketa taldea kontuan hartuta, 50 neska-mutil dira. Lanean hasteko "gogotsu" daude. Lehiaketa denboraldia, baina, urte bukaeran despedituko da. "Euskal Ligako bi proba izango ditugu urria-azaroan, zenbait indoor trofeo, eta Olaztiko Erburua kiroldegian antolatzen dugun abiadura indoor proba. Azaroaren 8an izango da". Sakana Patinek ikasturte osoan zehar ditu ateak irekita. "Irristalariak anima daitezela, pozarren hartuko ditugu". Halaber, Altsasuko Udalarekin elkarrizketetan jarraitzen dute noizbait pista egin ahal izateko. "Oinarrizkoa da talde gisa hazi ahal izateko".