Automobilismoa

Mikel Mazkiaran, Lezaunen ikusgarri

Guaixe 2025eko irailaren 18a

Mikel Mazkiaranen Seat 600 JTR-ak arreta handiz pizten du. UTZITAKOA

Pilotu altsasuarra bigarren sailkatu zen, eta bere kategorian lehena izan zen

Irailaren 14an II. Lezaungo Igoera jokatu zen, Korta Racing eskuderiak antolatutakoa. Lasterketa Nafarroako Mendi Txapelketarako baliagarria zen. 4,9 km-ko distantzia duen igoerarako 26 pilotu zeuden izena emanda, tartean Sakana Motorsport eskuderiako Mikel Mazkiaran (Seat 600 JTR), Alberto Villar (BMW E36) eta Iñaki Yaben (Citroen Saxo). 

Azkarrena Bruno Scherer izan zen, bere Porsche 911 GT3-arekin igoera bikaina egin eta gero (2:38.208). Lehen igoeran lortu zuen denbora onena, bigarrenean 2 segundo gehiago behar baitzituen. Mikel Mazkiaran altsasuarra ederki aritu zen. Doan tokira doala arreta pizten duen Seat 600 JTR-arekin scratch edo sailkapen orokorrean bigarren izan zen (2:40.967), Scherer txapeldunetik 2 segundora. Scratchean bigarrena izateaz gain, bere klasean, lehenengo klasean, lehena izan zen. 

Alberto Villar eta bere BMW E32-a zortzigarren sailkatu ziren (2:51.957), bosgarren klasean laugarren. Azkenik, Iñaki Yaben hamaseigarren izan zen, proba bukatu zutenen artean azkena, bere mailan, zortzigarren klasean, lehena (3:13.507). 

Urbasara begira
Pilotu guztiek urriaren 4an Urbasan jokatuko den Urbasako Igoera dute buruan. Urtero moduan, parte hartze handia espero da eta ordura arte autoak ahalik eta hobekien prestatzea da euren helburu nagusia.