aizkora

Oiarbide, Resano eta Mitxelenaren aukera

Guaixe 2025eko irailaren 19a

Aritz Oiarbide, eskuinean, azkarrena izan zen kanporaketan.

Nafarroako Bigarren Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko dute, Uharte Iruñean

Irailaren 21ean Nafarroako Bigarren Mailako Aizkora Txapelketako final handia jokatuko da Uharte Iruñean, 17:30ean, Toki-Alai frontoian. Bertan abuztuaren 14an Donamariako kanporaketan sailkatu ziren lehen bost aizkolariak lehiatuko dira. Kanporaketa oso estuan, bi kanaerdiko eta 60 ontzakoa mozten lehena Aritz Oiarbide etxarriarra izan zen (9:46). Atzean Iban Resano dorrobarra (9:48), Oier Mitxelena altsasuarra (9:50), Jesus Etxeberria (10:00) eta Patxi Igoa (10:27) sailkatu ziren. 

Final estua
Bostok lan potoloa dute aurretik finalean, kanporaketakoarekin alderatuta, lan bikoitza baino gehiago: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat. Lehen bi aizkolariak Nafarroako lehen mailara igoko dira, eta, beraz. finala oso garesti dago. Lehia borrokatua espero da, kanporaketan lehendabiziko lau aizkolariak 15 segundoko tartean aritu zirelako. Ea txapela Sakanara etortzen den.