Enpresen erronka onartuta, Joseba Ezkurdia Altunaren atzelaria izango da hasiberri den Logroñoko San Mateo Torneoan. Arbizuarra haurtzarora bueltatu da, Arbizuko Aldabide klubean hasi zenean atzelari baitzen. Lino Arruti eskolako bere entrenatzaileak azaldu zuenez, aurrelari baten baja izan zutelako jarri zuten aurrelari, 17 urte zituela, eta hor “eztanda” egin zuen. Atzelari izateko prestatze lanetan, irailaren 16an Elordiren atzelaria izan zen Bermeon.
Ezkurdia eta Altuna irailaren 22an, astelehenarekin, sartuko dira lehian. Hain zuzen ere Zabala eta Zabaleta izango dituzte aurkari. Ikusmina handia da, eta Ezkurdia Zabaleta bezalako jotzaile handi bati aurre egiteko gai izango den da katedraren zalantza. Izan ere, enpresak Ezkurdia atzelari izatearen alde egin badu, zerbaitegatik izango da.
Martija eta Etxeberria, kanpo
Asteburuan San Mateo Torneoko bi atariko jokatu ziren, eta San Mateo Torneoan ariko diren bi biko atera ziren bertatik. Horrela, irailaren 20an Julen Martijak Peio Etxeberriarekin osatu zuen bikotea, Dario Gomezen eta Beñat Rezustaren kontra egiteko. Logroñoko udako azken torneo handian lehiatzea zegoen jokoan, eta bi bikoek dena eman zuten. Partida gogorrean, Dariok eta Rezustak lortu zuten Adarragako txartela, Etxeberriari eta Martijari 22-19 irabazita.
Bakaikoa eta Zabaleta, Urrutikoetxearen agurrean
Irailaren 20an Mikel Urrutikoetxeak agur esan zion pilotaren bere ibilbide oparoari Bilboko Bizkaia pilotalekuan antolatutako jaialdian. Lehen jaialdian Joanes Bakaikoa etxarriarrak eta Ugartemendiak 22-15 hartu zituzten mendean Alberdi II.a eta Morgaetxebarria.
Jaialdi nagusian horrenbeste urtez arerio latza izandako Zabaleta atzelari handia bikote izan zuen Urrutikoetxeak, Altuna III.aren eta Albisuren kontra. Pilotari agur esateko jaialdi itzela antolatu zuten enpresek, jaialdi mistoa. Urrutikoetxeak ezin izan zuren bere ibilbidea garaipenarekin bukatu, Altunak eta Albisuk 22-17 hartu baitzituzten mendean bera eta Zabaleta, baina Bizkaia betetzen zuten guztien txalo zaparrada beroena berarendako izan zen.