Txirrindularitza

Eguraldi kaxkarrari, aurpegi ona

Guaixe 2025eko irailaren 24a

Sakanako Bizikleta Egunak denetatik izan zuen: euria, haizea eta eguzkia.

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatutako 31. Sakanako Bizikleta Egunak Irurtzun eta Altsasu batu zituen igandean. "Martxa egin genuen, eta hori da garrantzitsuena" nabarmendu du Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak. Izan ere, hasieran euria izan zuten bidaide. Aurretik 280 pertsona zeuden izena emanda, baina 80 pertsona inguru bildu ziren Irurtzunen, euriaren eraginez. "Irurtzundik Ihabarrera euria egin zuen eta horregatik martxa onean hasi ginen, beste batzuetan baino azkarxeago, baina gustura". Hortik aurrera ez zuen euririk egin. Lakuntzan geldialdia egin zuten, "10 minutukoa, gosaltzeko", eta aurrera segitu zuten, erritmo onean. "Altsasura beste batzuetan baino goizago iritsi ginen, pozik eta hurrengo urtean berriz errepikatzeko asmoarekin".

Barranka Txirrindulari Taldekoek gidatu zuten ibilbidea. "Beti bezala, lan bikaina egin zuten, taldea gidatuz eta segurtasuna zainduz. Julian Claverrek emandako laguntza aipatu nahi dut". Aralar txirrindulari taldeko autoak ireki zuen martxa, eta Aitor Mendozak itxi. Joxi Lazkoek konpondu zituen arazo mekanikoak.