Irailaren 21ean Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako final handia jokatu zen Uharte Iruñeko Toki-Alai frontoian. Bertan abuztuaren 14an Donamariako kanporaketan sailkatu ziren lehen bost aizkolariak lehiatu ziren: Aritz Oiarbide etxarriarra, Iban Resano dorrobarra, Oier Mitxelena altsasuarra, Jesus Etxeberria eta Patxi Igoa.
Final oso estua aurreikusten zen, kanporaketan lehendabiziko lau aizkolariak 15 segundoko tartean aritu zirelako, eta hala izan zen. Kanporaketarekin alderatuta, lan bikoitza egin beharra zegoen finalean: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitzea. Final estu bezain ikusgarrian, Oier Mitxelena izan zen azkarrena (18:01), behetik gora eginez, Iban Resanori 36 segundo aterata (18:37). Aritz Oiarbide etxarriarrak minutu bat gehiago behar izan zuen lanak bukatzeko (19:02). Alde gehiagorekin, laugarren Jesus Etxeberria sailkatu zen (21:40), eta bosgarren Patxi Igoa (22:27). Oier Mitxelena eta Iban Resano mailaz igo, eta 2026an Nafarroako lehen mailan lehiatuko dira.
Oier Mitxelena kontentu dago egindakoarekin. "Finala ongi joan zen. Aurreneko bi enborrak onak ziren, eta hasieran gainontzekoei segitzea, hori zen asmoa" azaldu du txapeldunak. Mitxelena, Resano eta Oiarbide parez pare aritu ziren hasieratik, eta Etxeberria eta Igoa atzerago geratu ziren. "Resanorekin eta Oiarbiderekin parean joan ginen denbora guztian, agian aurrerago, baina diferentzia askorik gabe" nabarmendu du.
Azken enborrean
Mitxelenak azkeneko bi egurretan atera zuen aldea. "Azkeneko bi enborrak hobexeagoak zirenez, hor dena eman nuen eta orduan atera nuen abantaila".
Denboraldi bikaina egin du altsasuarrak. Euskadiko III. Mailako Aizkora Txapelketan txapeldunordea izan zen Aitzol Atutxaren atzetik, eta Euskadiko II. Mailara igotzeko txartela lortu zuen. Nafarroako II. Mailako Txapelketa zen bere beste helburu nagusia, eta txapela janztea lortu du. Pozik dago. "Orain entrenatzen jarraituko dut, baina lasai hartuta. Eta datorren denboraldirako betiko martxan hasiko naiz".