Astekaria

Ergoienako Bira, ziztu bizian

Maider Betelu Ganboa 2025eko irailaren 29a

Maider Razkinek semeak zituen zain, eta beraiekin egin zituen azken metroak.

Asier Gutierrez eta Maider Razkin izan ziren azkarrenak XIX. Ergoienako Biran. Haizeak berez gogorra den proba are gehiago zaildu zuen, baina, hala ere, korrikalariek probaren edertasuna nabarmendu zuten

Lizarragak hartu zuen XIX. Ergoienako Bira, irailaren 20an. Lasterketa Sakanako Koparako baliagarria zen. Proba nagusian (6,5 km) 32 korrikalarik hartu zuten parte, eta hura bukatuta kategoria txikiko bi lasterketa jokatu ziren. Helduen proba hasi baino lehen haizeak gogotik jotzen zuen, eta hala izan zen lasterketa guztian barna, berez gorabeheratsua den lasterketa are gehiago zailduz. Korrikalariek Dorraora eta Unanura jo zuten, han buelta hartu eta berriro bi herrietatik pasa ziren, Lizarragako helmugara heltzeko.

Asier Gutierrez, alde handiz
Asier Gutierrez Garcia iruindarra ia orrazkera desegin gabe iritsi zen Lizarragara, alde handiz gailenduta (32:44). "Bakarrik joan naiz, baina azkenean sufritu dut. Aspalditik parte hartzen dut Ergoienako Biran, txikia nintzela aitarekin batera korritzen nuen proba nagusia. Iaz Aritz Etxeberriarekin parte hartu nuen, eta bere atzetik bigarren sartu nintzen. Aurten Aritz ez da etorri, eta irabaztea lortu dut (kar-kar)" egin zuen txantxa. Ergoienako Bira "lasterketa oso polita da, gustuko dut. Giro polita egoten da". Proba "gogorra" dela aitortu zuen. "Motza da, baina ez dago laua den tarterik. Une oro aldapa gora eta behera... baina lasterketa atsegina da, ahal dudan guztietan etortzen saiatzen naiz. Gainera, neskalaguna altsasuarra da, hona etortzeko arrazoi gehiago". Mamuxarroen katola jaso zuen sari. "Egongelan jarriko dut".

Aimar Lizarraga, amaren herrian
Asier Gutierrezen atzetik, ia 3 minutura Aimar Lizarraga Munarriz (35:24) eta Andoni Goikoetxea Triana ( 35:26) etxarriarrak sartu ziren. Aimarrek ama Lizarragakoa du, eta txalo artean sartu ziren bi lagunak. Etxarriarrak bigarren izan zela ezin zuen sinetsi. "Txikitan Ergoienako Biran aritzen nintzen, baina helduen proban parte hartu dudan lehendabiziko aldia izan da aurtengoa. Andoni lagunarekin animatu ginen, eta ahal dena egitera atera gara. Zintzoki, ez dakit bigarren postu hori nola egin dudan ere". Lasterketaren gogortasuna nabarmendu zuen. "Lasterketa gorabeheratsua da. Aldapa horiek... Zailena lehendabiziko aldapa izan da, argi eta garbi. Hasi eta, berehala, sekulako malda. Haizeak jotzen zuen, eskerrak haize epela zela; gogorra izan da". Asier Gutierrez "ikusgarri" aritu zela nabarmendu zuen Lizarragak. "Bera harrapatzea ezinezkoa zen. Gu oso pozik gaude bigarren eta hirugarren izan garelako". Errepikatuko duen galdetuta, ez du oso argi. "Ikusiko dugu". 

Maider Razkin, gurasoen omenez
Maider Razkin Marinek irabazi zuen emakumezkoetan (43:53), Leire Igea Redradoren (44:23:00) eta Erkuden San Martin Gonzalez de la Rota etxarriarraren aurretik (45:40). Maider Razkin Iruñean bizi da, baina ergoendar peto-petoa da. "Aittuna Dorraukoa da, eta amiña Unanukoa" azaldu zuen bere seme txikiak. Lehendabiziko aldia zen Ergoienako Biran aritzen zela. "Gurasoak bertakoak izanda, beti nahi nuen, eta aurten erabaki dut etorri beharra nuela". Animatu, eta irabazi. "Sorpresa izan da. Ez nuen espero, inondik inora. Lasterketa polita iruditu zait, baina oso gogorra" argi utzi nahi izan du. "Hasi eta berehala aldapa handia zegoen, eta aldaparik ez zegoenean haizea kontra nuen". Hirian korrika egitera dago ohituta. "Horregatik Ergoienan aritzeko beldurra izan dut beti, aldapa gora eta behera ibiltzen den korrikalari horietakoa ez bainaiz. Baina oso polita izan da, eta jendeak asko animatzen du. Dorraon familia dugu, Unanun jende ezaguna... beraz, oso ongi, jendeak airean eraman nau. Oso pozik nago". Ergoienan errepikatzea ez du baztertzen, "baina gehiago entrenatuta". 

Unanuko katola opari bikaina iruditu zitzaion. "Amiñari oparitu behar diogu" argi zuen.

Erlazionatuak