Txirrindularitza lasterketa gogorrena UCI Rankingeko postuena da, zalantzarik gabe. Hiru urtean behin taldeek lortzen diren puntuen arabera (lasterketetan lortutako emaitza eta postuen arabera lortzen dira puntu horiek) gorago edo beherago geratzen dira taldeak, eta horren arabera erabakitzen da talde batek UCI Pro Tour edo UCI Pro Team mailan jokatuko duen. Gainera, UCI Pro Team edo bigarren mailakoen artean, lortutako puntuen arabera ezingo da itzuli nagusien gonbidapenik jaso, eta, tamalez, hori izan da Euskaltel Euskadiri gertatu zaiona.
Jorge Azanzak gidatzen duen Euskaltel Euskadi taldeak helburu argia zuen aurtengo denboraldirako: UCI Rankingean lehen 30 postuetan egotea. Horretarako talde laranjak aldaketa handiak egin zituen: fundazioko patronatuko zuzendaritza berritu zuen, txirrindulari berriak fitxatu, kirol zuzendari berriak fitxatu, tartean Pablo Urtasun urdiaindarra... Oso gogotsu hasi zen talde laranja. Denboraldia ez da oraindik bukatu, baina Euskaltel-Euskadik ez du xedea lortu, 33. postuan dagoelako, 1.294 puntuekin.
Pro Team mailan hamasei talde daude.Kontua da, UCI Rankingeko puntuazioak zehazten duela talde hauek World Tour mailako probetan parte hartzeko gonbidapenak jasoko ahal dituzten ala ez. Lehen hiru postuetan dauden taldeek 2026ko World Tour mailako proba guztietarako gonbidatuta daude, laugarren eta hamaikagarren postuetan arteko taldeek ez dute bermatutako gonbidapena, baina gonbidapena jasotzeko zerrendan daude. Hamabigarren eta hamaseigarren arteko postuan dauden taldeak, aldiz, World Tour mailako hiru itzuli handietan (Tourra, Giroa eta Vuelta) aritzeko gonbidapena ezin dute jaso, baina World Tour mailako bestelako lasterketetan aritzeko gonbidapena jaso dezakete.
Gauzak horrela, Euskaltel-Euskadi, UCIko Rankingeko 33. postuan eta Pro Team mailako hamahirugarren postuan dagoenez, (1.294 puntu) ezingo du 2026an itzuli handietan parte hartzeko gonbidapenik jaso. Beraz, Vueltako gonbidatugaien zerrendan ezingo da egon. Kolpe latza da talde laranjarendako, baina dena ez dago galdua, World Tour mailako beste proba batzuetan gonbidatuak izateko aukera izaten jarraituko dezaketelako, Itzulia edo Kataluniako Volta, esaterako.
Rural Kutxa, aukerekin
Sakanatik sortutako Rural Kutxa-Seguros RGA taldea egun UCI Rankinean 25. postuan dago, Pro Team mailan seigarren. Hortaz, hiru itzuli handien gonbidapena jasotzeko kutxan dago.