Sakanako Anfasek bere ikasturteko eskaintzaren berri eman du. Aipatutako eskaintza hiru arlotan banatu du. Aurrena, haur eta gazteen garapenerako programak, bi eskaintza ditu bere baitan. Alde batetik, arreta goiztiarra eskaintzea 0 eta 6urte arteko haurrendako. Programa horrek haurrei, haien familiei eta inguruari zuzendutako ekimenak biltzen ditu, haien helburua da: ahalik eta lasterren, arrisku egoeretan edota garapenean ematen diren nahasketen ondorioz suerta daitezken aldi baterako edo behin betiko beharrei erantzuna ematea. Programatutako ekimenek haurra bere
osotasunean kontuan hartzen dute, eta hainbat diziplinatan adituak diren profesionalek hartzen dute parte. 3 urte bitarteko haurrendako arreta goiztiarreko programa %100 diruz lagunduta dago. 3 eta 6 urte arteko haurrendako astero 45 minutuko saio bat eskaintzen da, eta hilean 110 euro balio du.
Bestetik, trebetasun funtzionalen programa dago. Hori nahitaezko eskolaratzea bukatzen den arte luzatzen da. 6 eta 21 urte bitartekoei zuzendua dago. Bere helburua da garapenean zailtasunak edota adimen urritasuna duten pertsonek dituzten beharrei erantzuna ematea da. Programa horretan profesionalek, familiek eta ikastetxeek elkarlanean lan egiten dute. Prezioei dagokienez, astero 45 minutuko bakarkako saioak hilean 75 euro balio ditu. Astero 60 minutuko taldeko saioa bada, 61 euro hileko.
Familiendako
Arlo horretan hiru prestakuntza mota eskaintzen ditu Sakanako Anfasek. Batetik, guraso eta anai-arreba txikien taldeak daude. Horiek adimen urritasuna edota garapenean zailtasunak dituzten pertsonen senideei zuzenduta daude. Helburua da beraien ahalmenak garatzea, familia sistemaren loturak indartzea eta oinarrizko
prestakuntza ematea da, euren portaera osasuntsua, sortzailea, eraginkorra eta aberasgarria izan dadin.
Horren barruan dago ere autismoaren espektroko nahasmendu atala. Halakorik duten pertsonen familiendako eskolak eskaintzen dituzte, profesionalek zuzenduta. Eskola
horietan, familiek zein profesionalek haien egunerokotasunean dituzten traba eta oztopoak azaldu eta horien aurrean kontuan izan ditzaketen estrategiak landu eta garatzeko espazioa eskaintzen da. Metodologia teoriko praktikoa jorratzen da. Eskolan parte hartzeko 130 euroko matrikula ordaindu behar da. Bestalde, umearen edota nerabearen garapenaren inguruko balorazioak egiten ditu Anfasek. Ondoren, txosten batean, familiendako zein profesionalendako orientazioak proposatzen ditu eta banakako interbentzio plan bat egiten du. 270 euro balio dute balorazioak.
Anfasek familiei eskaintzen dien bigarren programa informazioa eta aholkularitzarena da. Adimen urritasuna duten pertsonei eta beraien familiari zuzenduta dago. Haren helburua kezkatzen dien arloetan eta bere bizi-ibilbidean informazioa eta aholkularitza zerbitzua ematea da.
Azkenik, adimen-urritasuna duen pertsona zaintzen duten senideei atsedena emateko asmoz, urtean zenbait asteburutan Anfasek arduratuko da zaintzeaz, inguruko aterpetxetara irteerak antolatuz. Asteburuko 150 euro ordaindu behar dira.
Gizarte sentsibilizazioa
Anfasek ikastetxeetan ikasleekin zein irakasleekin desgaitasuna lantzeko jarduerak eskaintzen ditu. Helburu bikoitza dute. Aurrena, ikastetxeko ikasleen eta irakasleen sentsibilizazioa. Eta atzena, adimen edo garapen desgaitasuna duten ikastetxeko ikasleen inklusioa beraien inguru naturaletan. Jarduera ikastetxeko beharren arabera oinarrituko da.
Bestalde, udalek, erakundeek, elkarteek eta edozein zentro edo kolektibok eska dezakete gizarte-sentsibilizazioko programari buruzko informazioa, jarduera zehatzak antolatzeko.
Azaldutako programetakoren batean izena eman edo, beste zerbaitean, bi bide ditu Sakanako Anfasekin harremanetan jartzeko: rzsakana@anfasnavarra.org posta elektronikoa edo 948 57 61 52 eta 658 84 23 53 telefono zenbakiak.