Pilota

Martxan da Lau eta Erdiko Txapelketa

Guaixe 2025eko irailaren 30a

2025eko Lau eta Erdiko aurkezpena. ASPEPELOTA.EUS

Joseba Ezkurdia eta Joanes Bakaikoa final zortzirenetan sartuko dira lehian, urriko lehen asteburuan. Egungo txapelduna, Unai Laso, ez da ariko. Sakea atzeratzeak zeresana piztu du. 

Irailaren 29an aurkeztu zuten Lau eta Erdiko Txapelketa, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Bi mailatan jokatuko da, A Seriean eta B Seriean. Bi ordezkari sakandar izango ditugu, biak A Seriean lehiatuko direnak: Joseba Ezkurdia eta Joanes Bakaikoa. Haiekin batera beste hamar pilotari lehiatuko dira. 

Unai Lasok, egungo lau eta erdiko txapeldunak, ez du txapelketan parte hartuko, eskuin belaunezurreko lesioa ez baitu guztiz gainditu. Bestela, txapelketa urriaren lehen asteburuan jokatuko diren final zortzirenekin hasiko da; urriaren 10etik 26ra final laurdenen ligaxka jokatuko da. Hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta bi multzoetako lehen bi sailkatuak sailkatuko dira finalerdietarako. Azaroaren 1ean eta 2an finalerdiak erabakiko dira, Donostian eta Gasteizen, eta hirugarren eta laugarren postuko partidak azaroaren 9an, oraindik zehaztu gabeko frontoian. Azkenik, final handia azaroaren 16an jokatuko dira, oraindik zehaztu ez den tokian. 

Sakandarrak, final zortzirenetan
Lau eta erdiko txapelketak azken hiru ekitaldietako sistema bera izango du. Ezkurdia eta Bakaikoa final zortzirenetan sartuko dira lehian. Ezkurdiak Elordi izango du aurkari urriaren 3an, Zallan (ETB1, 21:15). Irabazleek Jaka eta Peio Etxeberria dituzte zain final laurdenetako B multzoko ligaxkan. Bakaikoa Artolaren kontra lehiatuko da egun berean, urriaren 3an, Alegian, 19:30ean. Irabazleak final laurdenetako A multzoko ligaxkara egingo du aurrera, eta Altuna III.a eta Peña II.a izango ditu zain. Beste final zortzirenei dagokienez, Dariok Zabala izango du aurkari urriaren 4an, Sorian (ETB1, 17:30. Irabazlea A multzoko ligaxkara pasako da), eta Larrazabalek eta Zubizarreta III.ak urriaren 5ean jokatuko dute, Eibarren (ETB1, 21:15, irabazlea B multzoko ligaxkara pasako da). 

Sakea, koadro erdi atzera
Enpresen Ligak erabakita, sakea atzeratuko da: pilotariek lau eta erditik sakatu beharko dute lau eta erdian, koadro erdi atzeragotik. Erabakia “sakeari garrantzia kentzeko asmoz” hartu dutela arrazoitu zuten. Erabakiak zeresana piztu zuen. Pilotari batzuk kexu azaldu ziren, Jokin Altuna, esaterako. “Guk gure iritzia eman genien, eta ez digute kasu egin. Haiek erabaki dute, eta ezin dugu horren kontra ezer egin. Aldea dago, eta ikusiko dugu zer gertatzen den txapelketan”. Joseba Ezkurdiak ez luke sakea aldatuko. “Nik ez nuke aldatuko. Gauza gehiago daude begiratzeko. Adibidez, lau eta erdian askotan binakakoan baino pilota biziagoekin aritzen gara”. Beste pilotari batzuendako, Iñaki Artolarendako, esaterako, “ez da horren aldaketa handia”. 

Materiala, egunean bertan
Beste aldaketa bat da pilota aukeraketa partida hasi baino hiru ordu laurden lehenago egingo dela, finalean izan ezik. Erabakia pilotariak aste barruan gutxiago mugiarazteko hartu dute enpresek, eta pilotariek begi onez ikusi dute.