LAB Kubarako osasun materiala biltzen ari da

Guaixe 2025eko urriaren 1a

LAB Kubaren aldeko osasun material bilketa egiten ari da. UTZITAKOA

Altsasuko egoitzan eman daiteke. Lastailaren 15era arte iraunen du bilketak. LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi dio Kubari, eta elkartasun kanpainan parte hartzeko deia egiten du.

LABek Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi! elkartasun kanpainaren bidez Kubako herriaren kontrako erasoak salatu eta osasun publikorako duen eskubidea aldarrikatu nahi ditu. Sindikatuak Altsasuko bere egoitzan (San Joan 52, behea) honako produktuak jasoko ditu, baldin eta iraugipen data 2026an baldin badute: edozein sendagai mota (likidoak ez), xiringak, eskularruak, esparatrapuak, bendak, zundak, josturak eta higiene produktuak (pixoihalak, konpresak eta preserbatiboak). 

Ospitaleetan eta osasun zentroetan, berriz, LABek Osakidetzan eta Osasunbidean dituen ordezkariak arduratuko dira bilketaz. Bestalde, taupada markagailuak erosteko ekarpena honako kontu korronte honetan egin daiteke: ES35 3035 0134 43 1340059271 (Laboral Kutxa – Euskadi-Cuba) edo Bizum (04713 kodea – Kontzeptua: "Taupada markagailuak"). Jasotako material guztia Kubara bidaliko da Euskadi-Cuba, Sierra Maestra Euskadi eta Desembarco del Granma-ko erakundeen bitartekaritzaren bidez. 

Zergatia
Sindikatuko kideek azaldu dutenez, "Kubak osasun sistema eredugarrienetako bat lortu du, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) inposatutako blokeo ekonomikoari, komertzialari eta finantzarioari sei hamarkadaz baino gehiagoz aurre egin behar izan dion arren. Blokeo hori gerra ekonomikoko ekintzatzat jo daiteke, eta ondorio suntsitzaileak izan ditu Kubako langileriarendako, sendagaiak, osasun tresnak eta funtsezko teknologiak eskuratzeko aukera mugatu baitu". Jakinarazi dutenez, "gaur egun, adibidez, Kubako ospitaleek eta farmaziek oinarrizko sendagaien %30 baino ez dute".

Sindikalistek azaldu dutenez, "Donald Trumpen gobernuak Kubaren kontra onartu berri dituen neurri hertsatzaileek, azken 5 urteetan aplikatutako 243 neurriei gehituta, Kubari hornidurak ukatzera behartzen dituzte enpresa farmazeutikoak eta nazioarteko hornitzaileak, AEBren errepresalia ekonomikoen beldur". Gaineratu dutenez, "AEBek Kuba ‘terrorismoaren babesle’ diren herrialdeen zerrendan sartzeak finantza zigorrak dakartza, eta horrek eragotzi egiten dio Kubari nazioarteko kredituak eskuratzea osasun arloko materiala erosteko".

LABeko kideek gogoratu dutenez, "Kubaren kontrako blokeoa askotan gaitzetsi du nazioarteko komunitateak. 2023an, Nazioarteko Justizia Auzitegiak delitutzat jo zituen zigorrak, genozidioa ekar dezakeen gizateriaren aurkako krimentzat, eta berehala amaitzeko eskatu zuen. Era berean, NBEren Batzar Nagusiak blokeoa bukatzeko eskatzen duen ebazpen baten alde bozkatu du behin eta berriz, hainbat urtez, 180 herrialde baino gehiagoren babesarekin eta AEBen eta haren aliatu den Israelgo estatu sionistaren kontrako botoarekin".