Isterriak ikastoletako profesionalak trebatuko ditu

Guaixe 2025eko irailaren 30a

Jose Angel Andres eta Josu Reparaz. UTZITAKOA

Horretarako, Nafarroako Kutxa Fundazioak eta Nafarroako Ikastolen Federazioak hezkuntza-laguntza espezializatua bulkatzen duen hitzarmena sinatu dute. Aldeek hezkuntza-inklusioa eta aniztasunarekiko arreta hobetzeko konpromisoa hartu dute.

Nafarroako Kutxa Fundazioak, Isterria Hezkuntza Bereziko Zentroaren bitartez, Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako profesionalak prestatu eta aholkatuko ditu arreta espezializatua hobetzeko. Hori hala izateko lankidetza-hitzarmena sinatu dute fundazioak eta Nafarroako Ikastolen Federazioak. Elkarlanak eragin zuzena izango du ikasleengan, haien familiengan eta bi ikastoletako irakasleengan.

Sinatutako akordioak Egiturentzako Laguntza Espezializatuko Zerbitzua (SAEE) ematea ezartzen du. Zerbitzu horri esker, Nafarroako Kutxa Fundazioaren Isterria Hezkuntza Bereziko Zentroak zentro arruntendako erreferentzia eta laguntza zentro gisa ariko da, Hezkuntzari buruzko 3/2020 Lege Organikoaren laugarren xedapen gehigarrian jasotakoaren ildotik.

Esanak
Hitzarmenak bi urteko iraupena du, eta bi erakundeek hezkuntza inklusioa eta aniztasunarekiko arreta hobetzeko duten konpromisoa sendotzen du. Nafarroako Kutxa Fundazioak hezkuntza espezializatuaren arloan egindako ibilbide luzea eskaintzen dio proiektu honi, hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonen garapena eta autonomia bultzatuz Iberoko Isterria hezkuntza bereziko zentrotik.

Fundazioko presidente Jose Angel Andresek nabarmendu duenez, "hitzarmena ikastetxeen artean ezagutza eta esperientzia partekatzeko aukera bat da, Nafarroako hezkuntza sistema osoari mesede egiten dioten lankidetza sareak sortuz".

Bestalde, federazioaren izenean, Josu Reparazek adierazi duenez, "Isterriaren laguntza espezializatuak ikastolen lana indartuko du premia espezifikoak dituzten ikasleei laguntzeko, eredu inklusibo eta kalitatezkoaren barruan. Eredu horretan, ikasgelako aniztasuna elkarrekin bizitzen ikasteko aukera bat da, ez oztopo bat, eta inklusioak ikasle guztiek ikasteko eta kide izateko eskubidea izatea bermatzen du".