Futbola

Etxarriren eta Lagun Artearen gol festak segida du

Guaixe 2025eko urriaren 1a

Lagun Arteak Valle de Egues C izan zuen aurkari.

Gizonezkoen erregional mailako bigarren jardunaldian garaipen sendoak lortu dituzte gure bi taldeek eta sailkapeneko lehen bi postuetan daude

Gizonezkoen erregional mailako bigarren jardunaldian Etxarri Aranatzek Beloso izan zuen aurkari Amayan. Etxarri hasieratik nagusi izan zen: hamaikagarren minuturako bi gol sartu zituen Pello Altzelaik. Bigarren zatian joera berbera izan zuen partidak, eta Etxarrik bere gol kutxa handitu zuen, Ivan Cerezok sartutako bi golei esker. Horrela, 0-4 irabazita, erregional mailako lidergoan jarraitzen du Etxarrik. 

Lagun Arteak Valle de Egues C taldea hartu zuen irailaren 27an Zelai Berrin. Partida lehiatuan, 20. minuturako 2-0 aurreratu ziren lakuntzarrak Gorka Senarri eta Asier Artasori esker. Nahiz eta Egues 2-1 gerturatu, atsedenaldia baino lehen 3-1ekoa ezarri zuen Ander Cocerak Lagun Artearen alde. Bigarren zatian lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, baina bukaera aldera Maurice Gomisek eta Gorka Egurzak Eguesen taldea zulatu zuten eta 5-1ekoarekin despeditu zen partida. 

Etxarri Aranatz da erregional mailako liderra (6 puntu) bigarren den Lagun Artearekin (6 puntu) puntutara berdinduta. Hirugarren jardunaldian, Etxarri Aranatzek Kirol Sport izango du aurkari, urriaren 5ean,17:30ean, Orkoienen. Urriaren 4an, 18:45ean, Lagun Arteak Beti Kozkor B izango du aurkari Lekunberriko Plazaola zelaian.