Etxebizitzaren arloko proiektu pilotua martxan

Guaixe 2025eko urriaren 6a

Etxebizitza batzordearen bilera. SGA

Sakanako Mankomunitateko Etxebizitza Batzordea, Cederna-Garalur eta Sakanako Garapen Agentzia elkarlanean ari dira. Urte akaberara arte ibarrean eginen den proiektu pilotua ondoren Nafarroako Mendialde guztira zabalduko da.

Badira urte batzuk Sakanako Mankomunitatearen baitan Etxebizitza Batzordea sortu zela. Oihana Olaberria Jaka da bertako buru. Azaldu duenez, "udal guztiendako etxebizitzarena gai zentrala da, eta gaiari elkarrekin heltzeko sortu genuen batzordea". Orain beste pauso bat eman eta "gai konplexu" horri buruzko proiektu pilotu batean parte hartuko dute udalek. Olaberriak azaldu duenez, "Cederna-Garalurrek Nafarroako Mendialdean lanketa bat egiteko asmoa zuen. Baina, azkenean, Sakanan proiektu pilotua eginen dute, ondoren, Mendialde guztira zabaltzeko". Proiektu pilotuak "udalen eta herritarren artean hautemandako arazo zehatzei erantzuteko tresna" izan nahi luke. Egitasmo berritzaile horretan Sakanako Mankomunitateaz eta Cederna-Garalurrez aparte Sakanako Garapen Agentziak ere parte hartuko du. 

Egitekoak
Egitasmoa orain jarri dute martxan eta abendurako despedituko dute. Aipatutako hiru erakundeetako kideez aparte, bi arkitekto hirigilek parte hartzen ari dira egitasmoan. Udaletako arkitektoei haiekin harreman estua izateko eskatu diete. Izan ere, udal arkitektoen ezagutza ezinbestekoa izanen da proiektuak aurrera egiteko. Aurreikusitako lanetako bat etxebizitza hutsen ingurukoa da. Metodologia bat sortu nahi dute haren bidez etxebizitza hutsaren definizioa garatzeko, identifikazio-irizpideak adosteko eta udalerrietan praktikan jartzeko. "Etxebizitza hutsak identifikatzeak udalek horien merkaturatzea sustatzeko politikak egitea ahalbidetuko du, herritarren beharrizanetara egokitutako neurriak diseinatuz", azaldu du mankomunitateko batzordeko buruak.

Metodologia sortzearekin batera, proiektu pilotuaren barruan, diagnosi sakona eginen da. Haren bidez etxebizitza eskariaren eta eskaintzaren egoera zein den jakin nahi dute. Baita udal hirigintza planen mugak zeintzuk diren ezagutu ere. Aldi berean, gaur egun etxebizitzaren arloan dauden ekimenen azterketa eginen dute. 

Lan horiek despedituta, emaitza laguntza gida izanen da. Gida hori toki erakundeei zuzendua egonen da, eta bere helburua izanen da udalek etxebizitzaren arloko erabakiak errazago hartzea.

Esan bezala, proiektuaren lehenengo fasea Sakana egingo da. "Hemen probatuko da metodologia, komunikazio ekintzak landuko dira eta etxebizitza hutsen gaia gizarte agendan kokatzeko pausoak emango dira. Horretaz aparte, udalek beraien herrietako egoera zehatza azaleratuko dute, arazo nagusiak identifikatuz eta konponbide posibleak partekatuz", azaldu du.

Mahaia 
Proiektu pilotua despeditzeko, etxebizitza mahaia sortuko dute eragileek. Mahai hori esperientziak eta ezagutzak partekatzeko topagune berri bat bezala sortuko da. Bere egitekoetako bat izanen da udalerrien arteko elkarlanari bidea ematea. "Garrantzitsua da azpimarratzea mahaia ez dela bakarrik Sakanarako pentsatua, baizik eta Nafarroako mendialde osora zabaltzeko asmoarekin planteatu dela, Sakanako esperientzia erreplikatzea helburu nagusitzat hartuta", argitu du batzorde buruak.

Batzordea sortuz, ibarreko udalerriek, beren eskumen eta gaitasunekin, etxebizitzaren arloan elkarlanean pausoak emateko konpromisoa hartu zuten. Bidean eragile berriak batu zaizkie eta, elkarlanean eta parte-hartzean oinarrituta, proiektu berritzailea sortu dute etxebizitza arloko erronka nagusiei aurre egiteko tresna berriak sortzeko.