Teknoadineko proiektuaren arduradunendako zaintza "politika publikoen erdigunean" jarri behar da. Azaldu dutenez, "hautazkoa ez den bakardadea jende askorendako arazo larria da, bizitza duin eta osasungarriaren garapenari oso modu garrantzitsuan eragiten baitio". Esparru publikotik eragin nahi izan dute dinamika partekatua sustatuz. Gizarte Zerbitzuak, erabiltzaileak eta auzozainak diren 115 erakunde eta pertsona boluntarioak (dendariak, botikariak eta abar) koordinatuki ari dira lankidetza komunitarioa garatzen. Orain arte egindakoaren "balorazio oso positiboa" da proiektuaren arduradunendako.
Azken bi urtetan gizarte zerbitzuko langileei tresna informatikoa jarri zaie, hainbat adierazleren bidez begi kolpean ikusteko zein pertsonak paira dezakeen hautazkoa ez den bakardadea. Bestetik, 65 urtetik gorako 1.002 pertsonekin jarri dira harremanetan. Haietatik 334 bakarrik bizi dira, 141 arrisku larriko egoera atzeman zituzten eta 100 adinduk baino gehiagok onartu dute Teknoadinekok eskainitako laguntza. Bestalde, artatuta zeuden eta esku hartzea behar zuten 29 pertsona detektatu eta beste zerbitzuetara bideratu dira.
Adinaren arabera hautemandako egoerak eta beharrak aldatu egiten dira. "80 urte baino gehiago dituzte laguntza onartu edo behar dutenen gehiengoa. Adin horretatik beherakoek Gizarte Zerbitzuei, aukerei eta abarri buruzko informazioa jaso izana eskertzen dute". Genero aldagaiari erreparatuta, emakumezkoak gehiago parte hartu dute detekzio garaian eta parte hartze dinamiketan parte hartze handiagoa dute.
Aurrera egin nahia
Sakanako hiru Oinarriko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateek egindako bidean "sakondu eta zabaltzeko" nahia dute. Horregatik, Gizarte Eskubide, Gizarte Ekonomia eta Enpleguko kontseilari Carmen Maeztu Villafranca kontseilariari bilera eskatu diote. "Egindako ibilbidea elkarrekin baloratu eta proiektuarekin jarraitzeko borondatea, komenigarritasuna eta finantzaketa partekatzeko" eskaera egin nahi diote. Izan ere, "programan ezarritako helburuak betetzen ari dira eta hautazkoa ez den bakardadeari aurre egiteko beharra argi ikusten dela berretsi da".
Horregatik, proiektuko arduradunek Maezturi hiru eskaera egin nahi dizkiote. Aurrena, jarraipen batzordea sortzea, informazioa, dinamikak eta proiektuaren garapena partekatzeko eta aztertzeko. Hurrena, proiektuari jarraipena emateko formulak posibleak aztertzea, bakardade ez hautatuari eta haren ondorioei aurre egiteko lanak, arreta eta zaintza neurriak finantzatzeko, ezartzeko eta garatzeko. Nafarroako Gobernuarekin urte baterako lankidetza hitzarmena sinatu zuten joan zen urtean. Atzena, proiektuaren arduradunak prest daude haien esperientzia partekatzeko, Nafarroa osoan ezarri ahal izateko.
Bestetik, Nafarroako Parlamentuaren eskubide sozialen batzordean proiektuaren berri emateko lan saioa egitea eskatu dute arduradunek. Antza, azaroan izanen da.
Zenbait ekimen martxan
Hautuzkoa ez den bakardadearen inguruan sentsibilizatzeko eta informatzeko Teknoadinekokoek hainbat ekintza egin dituzte: mikro ipuinen lehiaketa, informazio esku orria, posta elektroniko bidez zabaltzen den informazio buletina edo lekukotzak zituen bideo bat, Whatsapp bidez zabaldu zena.
Adineko pertsonekin harremanetan jarri ahala, proiektuan ari direnak hainbat egoera atzeman dituzte eta, ondorioz, zenbait dinamika edo ekintza komunitario martxan jarri dituzte. Esaterako, Teknoadineko taldeak aktiboki parte hartu du Altsasuko Komunitatea Ehuntzen talde komunitarioan. Nafarroako Gobernuaren osasun komunitarioko estrategiaren barruan, Altsasuko osasun zentroak 60 urtetik gorako pertsonen osasuna modu komunitarioan lantzeko talde eragile baten sorrera bulkatu du. Hamabostero bildu da taldea eta Osasun Publikoko Institutuaren laguntza eta gainbegiratzea ditu. Errealitatea ezagutzeko antolatu zuten diagnosi saioan 35 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten. Bilkuraren ondorioekin txostena prestatu eta komunitate prozesuan aurrera egiteko zer ekintza lehenetsi, horien garapena eta ebaluazioa nola egin zehaztuko dute.
Kafeen dinamikaren bidez bakardadean dauden edo harreman berriak sortu nahi dituzten pertsonak harremanetan jarri dituzte, elkarrekin erlazioak izateko. Irurtzunen irailean egin zen lehen saioa. 13 pertsonek parte hartu zuten, eta saioaren akaberan beste lau gehitu ziren, gizonezko bakarra zegoen. Etxarri Aranatzen irailean lehen saioa egin zen sei pertsona gonbidatuz, bi gizonezko agertu ziren hitzordura. Altsasun, berriz, bost saio egin ziren, aurrenekora hiru emakumezko agertu ziren, atzenekora hamalau, haietatik bi bakarrik gizonezkoak. Gainera, emozio adierazpenerako eta autoezagutzarako tailerra egin da.
Zaintza Herrien txanda
Teknoadineko proiektuaren barruan, udazkenean komunitate prozesuak eginen dituzte Arruazun hilaren 15ean), Arbizun (hilaren 17an) eta Ziordian (hilaren 31n). Hiru herrietako biztanleei zuzendutako deialdi irekia da. Saioetan landuko diren gaiak dira, besteak beste: bakardadearen prebentzioa, zaintza komunitarioa, harreman sozialak... Horregatik, programatik arbazuar, arbizuar eta ziordiarrak parte hartzera gonbidatu dituzte. "Landuko diren gaiak guztioi eragiten digute, eta hausnarketa kolektiboa izatea nahi dugu". Herri bakoitzean hiru arlo landuko dira: sentsibilizazioa eta prestakuntza; errealitatea eta esperientzia inspiratzaileak ezagutu eta ekintza bat definitu eta ekin. Beraz, herri bakoitzak bere esperientziak garatuko du, eta, bere bidea eginez, herrirako zaintza eredu kolektibo bat eraikiko du.