Hirugarren mailan debuta egin zuen Altsasuk. Arerio latza zuen, Betelu, etxetik kanpo. Bi taldeek partida oso borrokatua jokatu zuten, erritmo handikoa. Hasieran, Betelu 4-0 aurreratu zen, baina Altsasuk ez zuen etsi eta 4-2 gerturatu zen Jonathan Medinari eta Igor Garmendiari esker. Beteluk bosgarrena lortu zuen, baina horrek ez zituen altsasuarrak kikildu eta 2 minutu zoroetan bosna berdindu zuten Asier Salgadori, Gaizka Martini eta Aritz Sevillari esker. Hortik aurrera parez pare aritu ziren bi taldeak. 6-5 aurreratu zen Betelu, baina seina berdindu zuen Aritz Sevillak. Zoritxarrez, azken minutuetan etxeko taldea ibili zen finago, eta, hiru gol sartu zituen Beteluk, eta 9-6 irabazi.
Bere aldetik, Uharte Arakilgo Aralar Mendik atseden jardunaldia izan zuen.
Hirugarren mailako lehen liderra Ribera de Navarra da (3 puntu), Aralar Mendi zortzigarren da, eta Altsasu hamabigarren, biak punturik gabe. Hirugarren mailako bigarren jardunaldian Aralar Mendik Ribera de Navarra liderra hartuko du urriaren 4an, 18:00etan, Uharte Arakilgo Larrebieta kiroldegian. Altsasuri atseden jardunaldia dagokio.