Gazara giza laguntza eramaten zuen ontzidiak, Global Sumud Flotillak, korridore humanitarioa zabaltzeko nahiarekin abiatu zuen bere bidea. Baina Israelgo armadak nazioarteko uretan itsasontziak blokeatu eta haietan zihoazen ekintzaileak atxilotu zituzten. Hori salatzeko nazioarteko mobilizazio eguna izan zen atzokoa, lastailak 2. Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, Euskal Herrian hainbat manifestazio eta elkarretaratze izan ziren Gazako setioa hautsi! Israel desegin! lelopean. Sakanan Irurtzunen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen, Iturmendin, Altsasun eta Olatzagutian egin ziren. Urdiainen gaur, lastailak 3, 19:30ean eginen dute.
Plataformako kideek "Israelek Gazan egiten dituen sarraskia eta setioa hausteko euren pribilegio mendebaldarrak palestinar kausaren alde jarriz, beren bizitza azken muturreraino eramateko adorea izan duten horiei" elkartasuna adierazi zieten ontzidian joan zirenei. Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek gogorarazi zutenez "ontzidiaren helburua nazioarteko begiak Gazan kokatzea zen". Azaldu zutenez, Israelgo armadak Gazaren %90 suntsitu du jada, "zutik geratzen diren ospitaleak tankez inguratu" eta palestinarrei gosetea ezartzen ari zaie. Horiek horrela, "Israelen izaera kriminala" salatu zuen berriz: "Israelen existentziak mundua arriskutsuago bihurtzen du".
Erlazio ororen etena
Atzoko bilkuretan aldarrikatu zutenez, "bada garaia, estatu terrorista desagerrarazteko bidean, Israelekin harreman oro eteteko; salerosketa-akordio oro, harreman diplomatiko oro, kirol-ekitaldi orotatik kanporatzeko". Palestinarekin Elkartasunako kideek nabarmendu zutenez, azken asteetan Israelen kontra izan diren mobilizazioei esker, Europako hainbat gobernuk eta agintarik euren burua behartuta ikusi dutela "zenbait neurri iragartzera eta Palestinako Estatua aitortzera"; eta Global Sumud Flotillako kideen "determinazioak" lortu duela, adibidez, "Espainiako eta Italiako gobernuek bertan diren beren biztanleak babesteko armadak mugiaraztea, argi utziz europar gutxi batzuen bizitzak ehunka mila palestinarrenak baino gehiago axola zaizkiela". Eta gaineratu zutenez, "aurpegia garbitzeko eta protesta baretzeko hitz eta neurri hutsalak besterik ez badira ere, argi izan behar dugu borrokaren fruitu direla eta orain dela momentua presioaren intentsitatea biderkatzeko".
Gaztigatu zutenez, "hori ez da lan erraza izango, Israel AEBen eta Europaren proiektu inperialistaren parte funtsezkoa" delako eta "euskal burgesiaren aliatua" delako. Hala ere, aldarrikatu zuen "herri langileen arteko elkartasunak ez daukala mugarik, eta palestinar herriak eta bere erresistentziak oraindik ere tinko dirauten era berean, gure egitekoa dela hemen Israelen konplize guztiei bakerik ez ematea, munstro sionista desagerrarazi arte".
Azkenik, gogorarazi zuten Palestinarekin Elkartasuna plataformak Iruñean manifestazioa deitu duela larunbaterako, lastailak 4, 12:00etan.