Lau eta Erdiko Txapelketa asteburuan hasi zen, final zortzirenekin. Joseba Ezkurdiak Elordi izan zuen aurkari urriaren 3an Zallan. Partida gogorrean, Ezkurdiak gogotik izerditu behar izan zuen, baina garaiz erantzun zuen; dominatzen hasi, eta Elordi izugarri estutu zuen, bizkaitarra jokoz kanpo utzita. Azkenean, 22-17 irabazita, txapelketan aurrera egin du kaiolan hiru txapela dituen espezialista arbizuarrak.
Joanes Bakaikoak, bere aldetik, Artola izan zuen aurkari urriaren 3an, Alegian, Artolaren etxean hain zuzen ere. Promesen mailan lau eta erdiko hiru txapela ditu etxarriarrak, azkena joan zen urtean lortutakoa; horregatik ari da A Seriean jokatzen. Hala ere, oso arerio latza zuen Bakaikoak, Artola pilotari arrokatsua baita, norgehiagoka irabazteko faboritoa. Baina ofizio handia erakutsi zuen etxarriarrak eta 15-22 irabazi zion Artolari, sekulako defentsa erakutsiz eta harrituta zeuden Artolaren zaleen aurrean sorpresa emanez. Artolarendako kolpe latza izan zen.
A eta B multzoetan
Joanes Bakaikoak Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako A multzoan egin du aurrera. Altuna, Peña II.a eta Zabala izango ditu aurkari. Urriaren 12an, Lekunberrin, Zabalaren kontra ariko da etxarriarra (17:30, EITB)
Joseba Ezkurdia final laurdenetako ligaxkako B multzoan lehiatuko da, Jaka, Peio Etxeberria eta Larrazabalekin. Lehen arerioa Larrazabal du, urriaren 10ean, Azkoitian (21:15).