Areto futbola

Aralar Mendik ezin izan zuen Ribera de Navarra mendean hartu

Guaixe 2025ko urr. 8a, 09:17

Hirugarren mailako bigarren jardunaldiak ez zuen Sakanan punturik utzi

Hirugarren mailako ligan bigarren jardunaldia jokatu zen asteburuan. Altsasuri atseden jardunaldia zegokion, eta Aralar Mendik, aldiz, Ribera de Navarra taldea hartu zuen Uharte Arakilen. Tuterako taldea nagusi izan zen lehen zatian, ia konturatu gabe 0-5 aurreratu baitziren. Aralar Mendik airea hartu eta Youssfe El Akkari eta Jon Iribarreni esker 2-5 gerturatu zen, baina ahaleginak gutxi iraun zuen, berehala Ribera de Navarraren seigarrena iritsi zelako, Ibai Martiarenak Aralar Mendiren hirugarren gola sartu zuen, markagailua zer edo zer makillatzea lortu zuena, eta 3-6 galdu zuen Uharte Arakilgo taldeak. 

Hirugarren mailako liderra Gazte Berriak Antsoain da (6 puntu). Altsasu bederatzigarren da eta Aralar Mendi hamargarren, biak punturik gabe. Hirugarren jardunaldian Altsasuk Ribera de Navarra izango du aurkari urriaren 10ean, 20:30ean, Tuteran. Aldiz, Aralar Mendik Kirol Sporten kontra jokatuko du urriaren 11n, 17:45ean, Mendikur kiroldegian.