Areto futbola

Derbia, Arbizurendako

Guaixe 2025eko urriaren 8a

Xotaren eta Arbizuren derbia.

Gizonezkoen lehen maila autonomikoan Arbizuk Xota hartu zuen mendean. Altsasu punturik gabe itzuli zen Universidad de Navarratik

Gizonezkoen lehen maila autonomikoko bigarren jardunaldiak denboraldiko lehen derbi sakandarra ekarri zuen. Xotak Arbizu Kirol Taldea hartu zuen Atakondoan. Partida oso borrokatua izan zen. Laugarren minutuan Oinat Glariak Xota aurreratu zuen, baina berehala berdinketa lortu zuen Antton Igoak. Juan Morenok bigarrenez aurreratu zuen Irurtzungo taldea, baina Julen Luisek binakako berdinketa lortu zuen segidan. Partida berdinketarekin despedituko zela zirudienean, Axio Imazek Arbizu Kirol Taldearen garaipenaren gola sartu zuen 49. minutuan eta hiru puntuak Arbizura joan ziren, Xotaren penarako. 

Altsasuk, aldiz, Iruñean jokatu zuen, Universidad de Navarraren kontra. OPUS-ekoak 2-0 aurreratu ziren, baina bina berdindu zuen Altsasuk Chej Malaininen eta Jaime Riverari esker. Universidadek beste bi golekin erantzun zuen, 4-2 aurreratuta. Aritz Sevillak 4-3 gerturatu zuen Altsasu, baina partida bukatzear zela bosgarren gola sartu zuten Universidad-ekoek eta altsasuarren erremontadarako asmoa zapuztu zuten. 5-3 galdu zuen Altsasuk. 

Hirugarren jardunaldiak beste derbi bat ekarriko du, Altsasuk Xota hartuko baitu urriaren 9an, osteguna, 20:30ean, Zelandin. Arbizu Kirol Taldeak Mendialdea izango du aurkari urriaren 10ean, 19:30ean, Arbizun.