Gobernuak 20.000 biztanletik beherako toki entitateetan uraren hiri zikloa digitalizatzeko dirulaguntzak banatu ditu eta bana jasoko dute Sakanako Mankomunitateak eta Etxarri Aranazko Udalak. Erakunde bakoitzak eginen duen inbertsioaren %90 jasoko du laguntza gisa.
Mank osatzen duten hamabost udaletatik hamaika dira Ur Zerbitzuko kide: Arakil, Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Ergoiena, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia. Baina Mank-eko presidente Aitor Larraza Carrerak argitu duenez, "Mank-ek zazpi herritan bakarrik du goi eta behe ur horniduraren ardura: Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutian". Zehaztu duenez, zazpi herri horietako bostetan eginen da edateko uraren banaketa sarea sektoreka banatzeko lanak: Irurtzunen (hiru sektore), Lakuntzan (bi), Arbizun (bi), Urdiainen (bat) eta Olatzagutian (bi).
Larrazak azaldu duenez, "bost herri horiek aukeratu ditugu erregistratu gabeko ur portzentaje handiena dutelako eta ur kontsumo handiena dutelako. Lanak eginda, ur ihesak errazago atzemateko aukera izanen dugu". Mank-eko lehendakariak gaineratu duenez, Bakaikun eta Iturmendin aurrerago eginen dituzte lanak. Larrazak gaineratu duenez, "Lakuntzako etxeetan teleirakurketa duten kontagailuak jarriko ditugu proba pilotu gisa". Mank-ek irrati seinaleen bidezko ur kontsumoaren berri ematen zuten ur kontagailuak jarri zituen zazpi herri horietan 2012an. "Baina teknologia ez da duela 13 urteko bera. Proba egin nahi dugu. Nafarroako beste herri batzuetan ere jartzen ari dira. Kontagailu berriek faktura egiteko irakurketa erraztuko dute". Lakuntzako lan hori heldu den urteko garagartzaroaren 30erako despedituta egon beharko du. Aipatutako lanen aurrekontua 333.331,23 eurokoa (BEZik gabe) da, dirulaguntza, berriz, 299.998,11 eurokoa.
Bestetik, Etxarri Aranazko Udalak hornidura sistema digitalizatzeko eta etxeetan teleirakurketa duten kontagailuak jartzeko asmoa du eta horretara 329.174,84 euro (BEZik gabe) bideratuko ditu. Egiteko horietarako gobernutik 296.257,36 euroko laguntza jasoko du.
Erreserban
Dirulaguntza deialdian ibarreko hiru proiektu onartu ditu foru administrazioak. Baina guztira 1.846.200,00 euroko diru poltsa zuen deialdiak. Ondorioz, toki erakunde batzuk egindako eskaerak erreserban gelditu dira, eta horien artean Altsasukoa dago, laugarren postuan. Altsasu Udalak edateko uraren hornidura sarea digitalizatzeko 105.820 euroko (BEZik gabe) proiektua du esku artean. Toki erakunderen batek uko egin edo deialdiko diru poltsa handituko balitz 95.238 euroko dirulaguntza jasoko luke Altsasuko Udalak.
Dirulaguntza deialdi hori Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoak, NextGeneration UEk, finantzatzen du, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan.
Uharte Arakil
Etxeetan dauden 562 ur kontagailuak kendu eta urrutitik irakur daitezkeen batzuekin ordezkatzeko lanak lastailaren 2an hasi ziren. Ciaqua gestion del agua SM enpresako langileak ari dira lan hori egiten. Gainera, honako eginen ditu: Amurgingo ur hornidurarako punpak berritu; ur sarea lau sektoretan banatuko du eta ur hornidura egoki kudeatu ezik eta ur kontsumoaren optimizaziorako urrutiko kudeaketa sistema ere jarriko du. Aurrekontua 253.292,34 eurokoa (BEZ barne) da. Udalak Europako dirulaguntza du.