Albaolaren esker ona Sakanari

Guaixe 2025eko urriaren 13a

Sakanako ordezkariak Albaolan. SGA

San Joan baleontziaren errepika egiteko haritzak emateagatik jaso zuten aitortza ibarreko ordezkariek. 

Albaola Itsas Kultur Faktorian lastailaren 3an, ostiralean, egin zen erakunde ekitaldian, Albaolak esker ona adierazi zien Sakanako Mankomunitateari eta ibarreko udalei. Tokiko erakundeen duela 12 urte eta egungo ordezkariak izan ziren ekitaldian. Guztien izenean Mank-eko presidente Aitor Larraza Carrerak Albaolak emandako oroigarria jaso zuen. Guztiek ere bisita gidatua egin zuten eta San Juan baleontziaren barnealdera ezagutzeko aukera izan zuten, bere ureratze ofiziala baino lehen.

XVI. mendeko San Juan baleontzi transozeanikoaren errepika egiteko Sakanako basoetako haritzak hartu zituzten Albaolakoek 2013an. Izan ere, Sakanako basoek historian zehar euskal ontzigintza egurrez hornitu dute. Haritz horiek, belaunaldiz belaunaldi zaindu eta gidatuak, zuzen edo kurbatuta hazten ziren, ondoren zur hori itsasontzien krosko eta saihetsak bihurtzeko. Atzera ere, ibarreko hariztietako zuraren erabilera errepikatu da, euskal itsas historiako orrialde garrantzitsu batean.

San Juanen berreraikuntzan erabili ziren haritzak basoaren kudeaketa jasangarriaren ondorioz kendu behar ziren zuhaitzak izan ziren; basoaren onerako egin beharreko lan horri esker, egur horrek bota edo galdu beharrean, bigarren bizitza izan zuen proiektu honetan.

Itsasontzia azaroaren 7an ureratuko dute Albaolakoek. Baina uretan dela beste lan batzuk egin beharko dituzte, mastak jarri, esaterako.