'Langileok Palestinarekin', lanuztea urriaren 15ean

Maider Betelu Ganboa 2025eko urriaren 13a

Palestina jasaten ari den genozidioa salatzeko elkarretaratzea, Irañetan. ARTXIBOA

LAB, CCOO, UGT, SK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiruk hiru orduko lanuzteetara deitu dute urriaren 15erako, Palestinari elkartasuna adierazteko. ELAk bere aldetik egin du deialdia. Hezkuntzan LABek eta Steilasek egun osoko greba deitu dute

Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko ekimenek ez dute etenik. Aurreko asteko manifestazio jendetsuen atzetik, urriaren 15erako, asteazkenerako Hego Euskal Herriko zortzi sindikatuk (LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru) hiru orduko lanuzteetara deitu dituzte langileak, "Genozidioarekin negoziorik ez. Langileok Palestinarekin!" lelopean. Lanuzteak 03:00etatik 6:00etara, 11:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 22:00etara egingo dira, txanda bakoitzean. Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean 12:30ean manifestazioak deitu dira.

Eskakizunak
Aipatu sindikatuek azaldu dutenez, "Palestinako herriari langile klase osoaren elkartasuna adierazteko mobilizatuko gara; Israel Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateariaren aurkako lan krimenak salatzeko; Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa salatzeko; Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzeko eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala exijitzeko; Patronalari eta instituzioei Israelekin harreman komertzial oro eteteko eskatzeko; eta Europar Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena eten dadin eskatzeko". 

Hezkuntzan, egun osokoa
Urriaren 15eko lan uztea indartsuagoa izango da hezkuntzan, LABek, Steilasek eta ELAk Euskal Herriko hezkuntza sistema osorako egun osoko grebara deitu dutelako, haur eskoletatik hasita, unibertsitateetara bitartean. Halaber, lantokietan mobilizatzeko, pikete informatiboak egiteko eta antolatutako manifestazioetan parte hartzeko eskatu diete hezkuntzako langileei. 

ELA, bere kabuz
ELAk bere kabuz egin du deialdia. ELAren ustez, "Euskal Herriak gaitasun aski erakutsi du bere kabuz mobilizazioak antolatzeko eta Palestinaren inguruan neurri zehatzak eta eraginkorrak eskatzeko. Urriaren 13an lanuzte orokorrak deitzea proposatu genuen, baina LABek ez du nahi izan". Horrela, urriaren 15ean lanuztea deituko du ELAk, "enpresei, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako zein Espainiako Gobernuari Israelekin harreman guztiak etetea" eskatzeko. Halaber, alderdi politikoei konpromiso zuzena eskatu die: "euskal alderdiek Israelen aurkako boikotaren baldintza jarri behar dute Sanchezen Gobernua babesteko bozketa guztietan". 

Sakanako deialdiak
Urriaren 15eko goizean kontzentrazioak egingo dira Altsasun eta Etxarri Aranatzen, 11:00etan. Arratsaldean herri guztietan kontzentrazioak deitu dituzte, 19:30ean.