Ur araztegiez arduratzen den Nilsa enpresa publikoak araztegietan argindarra sortzeko eguzki plakak jartzeko plana indarrean du. Plan horren helburua energia garbiak sustatzea eta faktura elektrikoaren kostua jaistea da. Izan ere, ur beltzen arazketa jarduera elektro-intentsiboa da Nafarroan, eta 1,518 milioi euroko kostua izan zuen 2024an. Gainera, Europar Batasunak aginduta, karbono neutraltasunaren erronkari aurre egin beharra du Nafarroako Gobernuak. Azaroan onartutako zuzentarauak aldi baterako mugarri progresiboak ezartzen ditu, helburua jarriz 2040an araztegi handiak iturri berriztagarriez soilik elikatzea lortzeko.
Plana gauzatzeko Nilsak hiru faktore hartzen ditu kontuan: araztegi bakoitzak duen elektrizitate kontsumoa, gune bakoitzean plaka fotovoltaikoak jartzeko dagoen espazioa eta leku bakoitzaren klimatologia. Jartzen ari diren instalazioak fotovoltaikoak ahalik eta elektrizitate gehien ekoizten dute, instalazioak eskatzen duen energia hornitzeko eta, gainera, soberako energia sare elektrikora isurtzeko, araztegi bakoitzaren potentziala maximizatuz.
Dagoeneko hamalau araztegitan jarri dituzte eguzki plakak. Sakanako aurrena Urdiaingo araztegian, Urdiaingo eta Altsasuko ur beltzak garbitzen dituen azpiegituran. Lanak garagarrilean despeditu zituzten
Nilsako arduradunek jakinarazi dutenez, autokontsumorako eguzki plakak hartuko dituzten hurrengo araztegiak Irurtzungoa eta Etxarri Aranazkoa dira. Bien lanak emateko deialdia egina du eta bi herri horietako araztegietan instalazio fotovoltaikoak 2026an indarrean izanen dira. Lanak ilbeltzean hastea aurreikusten da, eta lau hilabete iraunen dute. Irurtzungoak 27.217,85 euroko inbertsioa eskatzen du. Etxarri Aranazkoak, berriz, 49.022,85 eurokoa. Nilsako arduradunek jakinarazi dutenez, administrazio tramiteak egiten ari dira Lakuntzako araztegian ere eguzki plakak jartzeko. Azpiegitura horretan Lakuntzako eta Arbizuko ur beltzak arazten dira. Plana gauzatzeko Nilsak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren %40ko dirulaguntza du.
Sakanako beste hamar herrietan daude urak arazteko azpiegiturak: Zuhatzu, Ihabar, Irañeta, Uharte Arakil, Unanu, Dorrao, Lizarraga, Bakaiku, Olatzagutia eta Ziordian.
Araztegiei buruzko informazioa
Lanak eginda
Urdiain
Panelen potentzia: 50 kWp
Urteko eguzki-ekoizpenerako aurreikusitako energia: 63.248 kWh
Urtean kontsumitutako energia: 210.793 kWh
Kostua: 111.724 euro
Lanak emateko bidean
Irurtzun
Panelen potentzia: 11 kWp
Urteko eguzki-ekoizpenerako aurreikusitako energia: 15.387 kWh
Urtean kontsumitutako energia: 176.229 kWh
Kostua: 28.941 euro
Etxarri-Aranatz
Panelen potentzia: 22 kWp
Urteko eguzki-ekoizpenerako aurreikusitako energia: 29.375 kWh
Urtean kontsumitutako energia: 73.087 kWh
Kostua: 37.503 euro
Administrazio-izapideetan
Lakuntza
Panelen potentzia: 25 kWp
Urteko eguzki-ekoizpenerako aurreikusitako energia: 31.624 kWh
Urtean kontsumitutako energia: 88.184 kWh
Kostua: 43.619 euro