"Pozik" dago Eneko Lazkoz 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen fasearen lehen saioa irabazi ondoren; azaroaren 1ean Agoitzen izanen den finalaurrekoetarako txartel zuzena lortu du etxarriarrak. Saats Karasatorre bigarren sailkatu zen, baina lehen fasea amaitu arte itxoin beharko du hurrengo faserako sailkatu den jakiteko. Urriaren 11n, Idoia Granizo Uribarrena bertsolari altsasuarrak Mutiloako kultur etxean kantatu zuen, Beñat Astiz Isasi, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Jabi Lezaun Landa, Julio Soto Ezkurdia eta Sarai Robles Vitas bertsolariekin batera; Iratxe Legarra Nuin izan zen gai jartzailea.
Auritzen jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen fasearen lehen saioa, 120 bertsozaleren aurrean. Lazkozek GUAIXE IRRATIA-n azaldu duenez, "ez da beste mundukoa izan; hotz harrapatzen zidan txapelketak, eta kontzentrazio aldetik kostatu zitzaidan". Gero "altxatu" zen, eta kantatzen zuenean "bertsotan eroso" aritu zela esan du. 357,5 punturekin saioaren irabazlea izan zen, eta hurrengo faserako txartel zuzena lortu du: "Pozik; ahal dena egiten dugu". Hurrengo faserako zuzenean sailkatzeak "lasaitasun pixka bat" ematen duela aitortu du etxarriarrak: "Badakizu noiz eta non kantatuko duzun. Denbora pixka bat daukagu lan egiteko".
Lehen saioa izateagatik puntuazio altuak edo baxuak jartzen dituzte? "Lehen saioa denendako da: antolatzaileendako, gai jartzaileendako, epaileendako... Epaileek erreferentziarik ez daukate, baina beti ez da epaile talde berdina, orduan, ez dakigu". Hurrengo saiotan ikusi beharko dela gaineratu du Lazkozek, "alderatuko dugu".
Saats Karasatorrek ere Aurizko saioan kantatu zuen, eta 328,5 punturekin bigarren sailkatu zen. Haren atzetik, Eki Mateorena (301,5), Egoitz Gorosterrazu (293,5), Urko Gartzia (287) eta Aitor Irastortza (283) sailkatu dira. Lehen fasea amaitu arte itxoin beharko dute finalaurrekoetarako sailkatzen diren jakiteko.
Karasatorre eta Lazkoz elkarrekin joan ziren saiora, eta tarte horretan saioari buruz hitz egiteko aukera ematen diela esan du GUAIXE IRRATIA-n: "Alde horretatik polita eta erraza da; ez da berdina elkarrekin joatea edo bakarrik; norberak bere bizipenak eta saioa komentatzeko ongi dago". Saioa "ongi" joan zela esan du: "Igual saioan zehar kontzentrazioari eustea kostatu zitzaidan". Hortaz, zortziko handian "ongi" hasi zela kontatu du, baina zortziko txikian "irristada txiki bat" eduki zuela aitortu du: "Kontzentrazio aldetik, bertso aldetik ez dakit, ez dakidalako ongi zer kantatu nuen, eta normalean hori izaten da deskontzentratuta nagoelako momentu horretan". Hamarreko txikian ohartu zen kontzentrazioa joan zitzaidala, baina ganbara tartea "ongi etorri" zitzaion berriz zentratzeko. Ondoren, "eroso"sentitu zela azaldu du: "Azkeneko tarte horrentan nahiko lan txukuna egin nuela uste dut". Puntuazio aldetik "pozik" dago, eta kontzentrazio aldetik "badakigu zer landu".
Lehen fasea
24 bertsolari hasiko dira txapelketan, eta hemezortzi sailkatuko dira finalaurrekoetara. Txapelketak Mutiloako kultur etxean jarraitu zuen, urriaren 11n, eta Idoia Granizo altsasuarra aritu zen. Urriaren 18an, larunbata (17:00etan) lehen fasearen hirugarren saioa izanen da, Iruritan, eta urriaren 26an, igandea (17:30ean) Los Arcosen izanen da lehen fasearen azken saioa; besteak beste, Ekain Alegre altsasuarrak kantatuko du.