Mahatsondoen itzalean

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko urriaren 16a

Garnatxa motako mahatsa Bakaikuko Goikofelizenekua etxean. UTZITAKOA

Udazkena bertan dela, baso, mendi, ubelde eta erreka bazterretako zuhaitzak ikuskizuna urteroko ikuskizuna eskaintzen hasiko dira aurki. Ibarreko hainbat etxetan ere gauza bera gertatuko da, mahatsondoek emanen diete udazken ukitua.

Zuhatzuko Escudero etxeak mahatsondo ederra du. Haren berri Ignacio Arbizu Gabirondok eman digu: "Ihabarko frontoiaren ondoan dagoen Zurgin etxeko mahatsondotik aldaxka batzuk hartu eta hemen lurrean jarri genituen duela 45 urte". Lastailean egin zuten hori. Azaroan edo abenduan ere egin daitekeela azaldu du. "Ihabarko mahatsondoa han dago oraindik, betidanik ezagutu dut. Hark ehun urte baino gehiago izanen ditu ziurrenik".

Lizarragabengoako Txomiñenia etxeko Kontxi Lakuntza Arratibelek esan digunez, "zalea naiz. Fruta arbolen bat jarri nahi nuen, denbora pasarako. Gustatzen zait mahatsondoa izatea eta, horregatik, daukat". Aldamenean duen Altxagan etxean bizi zen arbizuar-etxarriar bikoteak eman zion mahatsondo aldaxka. Duela hamar-bat urte jarri zuen balkoi azpian. "Kasu gehiegirik ez nion egin, ea zer gertatzen den. Eta hartu zuen".

Bakaikuko Goikofelizenekua etxekoa da Imanol Igoa Lopez. Eraikineko fatxada guztia hartzen duten bi mahatsondo ditu. Eta zeharreko aldean beste bat. Igoak azaldu duenez, "makina bat urte daramate hemen mahatsondo horiek, gu ailegatu baino lehenago hemen zeuden. Ate ondokoek ehun urte baino gehiago badituzte. Zenbat? Ez dakigu. Zeharrekoak ere ehun pasa izanen duela uste dugu". Igoak gaineratu duenez, "mahatsondoak hostoa ateratzen duenean udan fatxadan itzala egiten du. Etxea freskatzeko ere erabiltzen zutela esaten zuten".


Ignacio Arbizu Garbirondo, Zuhatzuko Escudero etxe parean. 

Arbizuk argitu duenez, "hobekuntza handia izaten du eta oso erraz ematen dute fruitua, mahatsa. Oso goiz hasten dira ematen, bizpahiru urtetara". Gauza bera berretsi dute Lakuntzak eta Igoak.

Lizarrengotarrak moskatel mahats barietatea du. Moskatela eta garnatxa bakaikuarrak. Arbizu iturmendiarra da eta berak sortetxean beti ezagutu du mahatsondoa. "Egurrezko balkoia zuen. Aitak hura bota eta porlanezkoa egin zuen eta orduan, duela 40 bat urte, kendu zen mahatsondoa. Bestela, beti mahatsondoarekin ezagutu dut gure etxea". Azaldu duenez, Zuhatzu eta Iturmendiko mahats mota bera zen: moskatela. "Ez dakigu, eta inork ez digu esan, zein moskatel mota izan daitekeen".

Mahatsondoa hazi ahala "ez erortzeko" lotzen joan beharra dagoela azaldu du Arbizuk, "karga handia hartzen baitu". Azaldu duenez, "lehen balkoi guztian lotuta zegoen mahatsondo izugarria zegoen. Baina kendu behar izan genuen, amorragarria zen. Asko hazten den landarea da". Mahatsondoa ez du gidatu lizarrengotarrak, "bere kabuz joan da".

Uzta
Igoak azaldu duenez, "hegoaldeko fatxadan askoz hobe ematen du. Mendebaldera nahiko kaxkar. Eta ekialdekoan baino hobe ematen du hegoaldean, bai". Arbizuk gaineratu duenez, "urteen arabera mahats aleak handiagoak edo txikiagoak ematen ditu". Ziurtatu duenez, "mahats killuak mahatsondoan zenbat eta denbora gehiago pasa, gozoagoak dira". Bakaikuarrak esan duenez, "moskatela jateko oso-oso gozoa da. Baina ez du hainbeste ematen".

Lakuntzak adierazi duenez, "urteekin egun erdia atean pasatzen dut eta mahatsa probatzen ibiltzen naiz. Min xamarra badago, hor gelditzen da". Halakoetan mahatsa aleka hartzen du. "Pozkilloa hartzeko moduan ez dira ontzen. Sobra ere, denak ez ditut berdin ikusten, bestela pozkilloa hartuko nuke". Arbizuk esan duenez, "pokilloren bat pixka bat horitu dela ikusten dugun momentuan hartzen dugu, aleka, mahatsondotik ahora zuzenean. Ederra da!"

Lizarrengotarrak argitu duenez, "aurten berandu hasi nintzen mahatsa jaten, eta listo bukatu nuen. Duela hilabete-edo, aurreneko mahatsak jan nituen, eta atzenak duela 15 bat egun". Agorrilean eta irailean jaten dituzte mahatsak Zuhatzun. "Lastailean izotzik edo bestelakorik ez bada, mantentzen da". Etxekoak dira moskatel mahats hori jaten dutenak. Ez dute inoiz ardoa egiteko asmorik izan, "horretarako, gainera, kopuru handiak behar dira". Bakaikuarrari kontrakoa gertatu zaio: "azken urteetan behar baino lehenago bildu dut uzta. Azken bi urteetan Asiako erlamin asko etortzen hasi da. Eta pitteka-pitteka jaten hasten da, eta mahatsa galdu egiten da. Aldiren batean mahatsa hartzerakoan erlaminen batek koxka egin dit". Gaineratu duenez, "txoriei asko gustatzen zaie". Baina gutxi jaten dutela dio Arbizuk. Baina erlaminekin kontuz ibili beharra dagoela baieztatu dute Arbizuk: "batzuetan mahatskilluen artean agertzen dira". Lakuntzak jakinarazi duenez, mahats aleren bat hartzera joan eta "erleren bat ailegatu da pikatzera. Eta erlaminak ere egoten dira mahats artean".

"Nahikoa ateratzen denez", jasotako mahats uzta etxean jan eta senide eta lagunen artean banatzen du bakaikuarrak. Hala egiten dute beste bi mahatsondoen jabeek. Oraindik ez dute ardorik egin.


Kontxi Lakuntza Arratibel, Lizarragabengoako Txomiñenia etxekoa. 

Zaintza
Goikofelizenekua etxeko bi mahatsondoetako bi hegoaldera begira daude, bestea ekialdera. Azken horrek bi adar ditu, bata ekialdera du eta bestea hegoaldera. Mahatsondoa "iruzki" aldera du jarria  Lakuntzak. Alde bat ekialderantz eta bestea hegoalderantz. Escudero etxean mahatsondoak hegoaldeko fatxadan dago. "Hori da garrantzitsuena, eta klima honekin are gehiago. Gainera, abazpiarekin eta bestelakoekin babes ona du", ziurtatu du Arbizuk.

Arbizuk nabarmendu duenez, "izozteak baino kaltegarriagoak dira erlainoa eta ur hotza. Maiatzeko euri ur hotzak kalte handia egiten dio". Lakuntzak mahatsondoari ez dio ezer botatzen, "datorren bezala. Begiratu bai, asko. Ea garaia iristen denean jan dezakedan. Baina, besterik? Ezer gutxi". Igoak aitortu duenez, mahatsondoei ez diete inolako tratamendurik ematen. "Naturalki ateratzen dena, ongi". Bakaikuarrak nabarmendu duenez, mahatsondoek ez dute ureztatu beharrik. Haiek, behintzat, ez dute halakorik egiten.

Gaitzak
Igoak esan duenez, "mildiu eta halako gaitzei aurre egiteko mahatsondoa eguteran egotea asko laguntzen du. Gainera, hostoak ez bustitzeko teilatuaren abazpia ere badu. Eta eguzkitan egonda, pareta berotzen da, eta mahatsak hori behar du, beroa". Eta gaineratu duenez, "garnatxa gaitzei aurre egiteko sendoagoa da". Arbizuk Iturmendin beste mahatsondo bat du eta han mildiu gaitzak jo du eta mahatskilo guztiak belztuta daude. "Hura azken urtetan ez da ongi ematen ari", gaineratu du. Zuhatzukoa "aurten nahikoa ongi kontserbatu da". Lizarrengotarrak azaldu duenez, "aurten ere nahikoa mahatsa ekarri du, mahats pozkillo ederrak. Baina oso gutxi jan dugu. Nik bai, nahiko, baina gainerakoek... Itxuran zegoen, baina gero, oso denbora gutxian, bizpahiru egunetan, kitto, hondatu egin ziren" Pozkilloak mahatsondoan bertan marroitu eta ximeldu egin dira. Mahats azal ilun batzuk besterik ez dira gelditzen. "Aurten adina ez da hondatu bestetan".

Aurreko urteetan mahatsa izugarri eta sano bildu dute Goikofelizenekua etxean. "Aurten gaitz bat dugu. Galdetzen ibili naiz. Arabako gizon batek esan dit haiek ere etsita daudela. Hark ardoa egiten du eta gaitz horrekin mahatsondo asko lehortzen ari zaizkio. Hostoa ateratzen du, baita mahatsa ere. Bakaikuko festen inguruan marroitzen hasi zen eta mahatsa bi astetan kixkaldu egin zen. Nabari du landarea bizirik dagoela, baina ez dakigu zer gertatuko den heldu den urtean. Honek itxura txarra du". Gizon harrek mahatsondoa laguntzeko modu bat erakutsi zion Igoari eta hori probatuko du. Kasurik okerrenean mahats kima eraman zutenen adar bat jasoko luke Igoak eta, atzera ere, mahatsondoa landatuko luke.


Imanol Igoa Lopez Goikofelizenekua etxe parean. 

Kimatzea
Mahatsondoaren adarrak noranahi ez joateko kimatu beharra dago. Bakaikuarrak azaldu duenez, mahatsondoak eskatzen duten lan gutxietako bat da kimatzea. Kimaketa egiteko garaian nork bere irizpidea du. Negu betean, ilbeltzean, kimatzen du mahatsondoa Lakuntzak. Kimatutako adarrak gordetzeko ohiturarik ez du. Arbizuk "zenbaitetan San Jose egunez. Bakarren batek esaten zuen egun horretan kimatuz gero, ondoren ez zirela euliak etortzen. Ez dakit egia edo gezurra den. Hemen bagaude aurretik ere kimatu izan dugu, baina nahikoa berandu kimatzea gustatzen zaigu. Ordurako izozteek ez dute mahatsondoa hainbeste jotzen". Udazkeneko lana da kimaketa Igoarendako, hostoa erabat galdu duenean. "Lehen behin kimatzen genuen. Azken urteetan laguntzen ari diot udan beste kimaketa bat eginda. Horrela mahatsa hobe hazteko eta ontzeko".

Bai, Arbizuk, bai Lakuntzak, bai Igoak beste kimaketa mota bat ere egiten dute, "mahatskiloak eguzkitan egoteko" esan du Arbizuk. Igoak azaldu duenez, "azken urteetan laguntzen ari natzaio udan beste kimaketa bat eginda. Horrela mahatsa hobe hazteko eta ontzeko". Lakuntzak esan duenez, "behar ez direnak mozten ditut behar bada. Zeharrean dauden landareak ureztatzeko, traba egiten badu, adarra mozten diot. Beharbada horrek egiten dio kalte", kezka azaldu du.

Moztutako adarrak sua pizteko gordetzen dituzte, "baina gutxi du" argitu du Arbizuk. Bakaikuarrak azaldu duenez, "jende askori eman izan dizkiot kimatutako adarrak, lurrean jarri eta landare berria sortzeko. Kimatu eta berehala pasatzen diet, lehenbailehen. Lurrean sartu eta, kasurik egin gabe, sustraiak bota die batzuei. Lagun bati joan zen urtean eman nion eta hark txindilekin egindako urarekin ureztatu ditu, sustraiak errazago ateratzeko. Nahiko erraz hartzen du". Bestela, "lehengusua artzaina da eta arkume saiheskiak prestatzeko erabiltzen ditugu".

Kanpora joaten denean Lakuntza "beti begia mahatsondo edo arrosetara, lana jartzeko niri eta ingurukoei". Landareak asko gustatzen zaizkio. "Orain ere aitzur txiki batekin aritzen naiz. Semeak prestatzen dit baratza. Entretenitu egiten naiz". Arbizuk laburbildu duenez, "mahatsondo bat baino gauza errazagorik ez dago".