Euskarazko mintzapraktikarako gonbidapena

Guaixe 2025ko urr. 10a, 13:55

Ele festa mintzodromoa. Ekain Alegre eta Idoia Granizo bertsolariak jarritako gaien inguruan hizketatu ziren talde txikitan. ARTXIBOA

Mintzakiden talde txikitan euskara praktikatu eta zaletasunak uztartzeko aukera dago. Euskal Herrian 8.000 euskaltzale inguru mugitzen ditu egitasmoak bai aurrez aurre eta baita online ere. 

Bata edo bestea aukeratu beharrik gabe, hizkuntzaren praktika eta zaletasunak uztartzeko gonbidapena luzatu dute. Mintzakidek parte-hartzaileen gustuko jarduerak euskara praktikatzeko aukera ematen du. Ezagutzen ez duenarendako, Mintzakideren funtzionamendua oso sinplea da: euskara praktikatu nahi duen lagun talde bat astean ordu betez euskaraz aritzeko prest dagoen pertsona batekin elkartzen da, horixe baita mintzapraktika egitasmoen helburua: euskaraz aritzeko guneak eskaintzea. Maiztasuna, normalean, asterokoa izaten da baina, geroz eta gehiago, parte hartzaileen nahi eta beharretara moldatzen diren taldeak sortzen ari dira, egitasmoaren malgutasunaren erakusle. 

Bada mintzapraktika kafetegi batean, kafe baten bueltan egiten jarraitu nahi duenik, baina azken urteetan zehar batez ere, ikusi da mintzapraktika beste zaletasun batzuekin erabat bateragarria dela. Euskara praktikatzeko ez dugu gure gogoa besterik behar, baina aldi berean, beste edozein osagarrirekin lagundu dezakegu: Yogako esterila, kakorratzak, mendiko botak, boxeoko eskularruak, bizikletak, mahai jolasak… Mintzapraktikak eskaintzen dituen aukerak amaigabeak dira, euskaraz bizi nahi duen pertsona orori horretarako tartea eta aukera eskainiz, bere beharrizan, egoera eta interesetara egokituz. 

Nabarmentzekoa da Mintzakiden dabiltzan milaka lagunek ekarpen oso garrantzitsua egiten diote euskararen biziberritze prozesuari. Benetako aktibista linguistikoak dira eta musutruk, modu boluntarioan eta bere onena emanaz egiten duten ekarpen hau, behar-beharrezkoa dugu erabileran aurrerapausoak ematen jarraitzeko. 

Euskararen alde modu askotan aktibatu gaitezke: lehen hitza euskaraz esanaz, euskara elkarteetan parte hartuz, manifestazioetara bertaratuz eta nola ez, Mintzapraktikan izena emanez. Beraz, proposamenak zerbait mugitzen dion sakandar orok, izena eman dezake Sakanako Mintzakide egitasmoan. Horretarako, 600 48 22 24 telefono zenbakira hots egin edo sakana_mintza@aek.eus posta elektronikora idatzi behar da.