Pilota

Ezkurdiak eta Bakaikoak, lehen puntua

Guaixe 2025eko urriaren 13a

Joseba Ezkurdiak lehen puntua du, Joanes Bakaikoak ere bai.

Lau eta Erdiko Txapelketako final laurdenetako lehen jardunaldian puntu oso baliotsua lortu dute bi sakandarrek

Final laurdenetako ligaxka irabazten hastea oso garrantzitsua dela ez dago esan beharrik. Eta, zorionez, hala egin dute kaiolako espezialista hutsak diren Joseba Ezkurdiak eta Joanes Bakaikoak. Biek lau eta erdiko hiruna txapela dituzte, arbizuarrak lehen mailakoak eta etxarriarrak promesen mailakoak, eta A Serieko aurtengo txapelketan txapela lortzeko euren hautagaitza aurkeztu dute. 

B multzoan, Joseba Ezkurdiak Larrazabal izan zuen aurkari urriaren 10ean Azkoitian. Hasieratik bukaerara erritmo ikaragarrian jokatu zen partida; Larrazabalek abiadura ikaragarria eman zion pilotari eta indartsu atera zen kantxara, baina Ezkurdiak sasoi ederrean dagoela erakutsi zuen; defentsan bikain aritu zen, bolearekin min handia egin zuen eta eta erritmoa handitu ahala, hobeki moldatu zen. Paretsu joan zen lehia, baina bigarren zatian 20-15 aurreratu zen Ezkurdia, eta nahiz eta Larrazabal 20-18 gerturatu, azkenean 22-19 irabazita ligaxkako lehen puntua lortu zuen Ezkurdiak, urrezkoa. 

A multzoan Joanes Bakaikoak gogotik sufritu behar izan zuen Zabala 22-21 mendean hartzeko. Etxarriarrak bukaeran aitortu zuenez, ez zituen sentsaziorik onenak izan eta ez zuen disfrutatu, eta eskerrak eman zizkion Josu Igoa botillero etxarriarrari, jokoan zentratzen laguntzeagatik. Partida borrokatuan, Bakaikoak ez zuen inoiz amore eman, eta nahiz eta 1-9 eta 17-21 galtzen joan, partidari buelta emateko eta 22-21 irabazteko gai izan zen. Berriro ere, etxarriarrak eusteko gai zela erakutsi zuen, eta sufritzen jakin zuen. Fedea izan zuen, ez baitu inoiz amorerik ematen, eta urrezko puntua lortu zuen, erremontada ikaragarria lortuta.

Bigarrena
Bigarren jardunaldian  B multzoan Ezkurdiak Jaka izango du aurkari urriaren 17an Villabonako Bear Zana pilotalekuan, 19:00etan. A multzoan Bakaikoak Altuna du arerio urriaren 18an, Donostiako Atano III.ean, 17:30ean.