Futbola

Lagun Arteak lidergoa galdu zuen, eta Etxarri Aranatzek bere partida irabazi

Guaixe 2025eko urriaren 15a

Etxarriarrek pozik ospatu zuten garaipena.

Gizonezkoen erregional mailako laugarren jardunaldiak hiru puntu utzi zituen Sakanan

Gizonezkoen erregional mailako bosgarren multzoan laugarren jardunaldia jokatu zen eta txanponaren bi aldeak bizi izan zituzten talde sakandarrek. 

Lagun Artea liderrak Kirol Sport hartu zuen Zelai Berrin. Lidergoa zegoen jokoan, eta bi taldeek dena eman zuten. Partida hasi eta berehala, 8. minutuan, Sael Ozoriak Lagun Artea aurreratu zuen. Bi taldeek lehia bizian jarraitu zuten eta Kirol Sportek bana berdindu zuen 23. minutuan. Hori nahikoa ez balitz, atsedenaldia baino lehen 1-2 aurreratu zen Kirol Sport. Bigarren zatian partida berdintzen saiatu zen Lagun Artea, modu guztietara, baina ezinezkoa izan zen, eta hiru puntuak eta lidergoak Orkoienera egin zuten ihes. 

Etxarri Aranatzek, aldiz, aurreko asteko galera ahaztu eta 3-1 hartu zuen mendean Baztan B partida bizian. Jon Erdoziak 29. minutuan Etxarri aurreratu zuen, baina Baztan B-k bana berdindu zuen 74. minutuan eta partidako azken minutuak eromena izan ziren. 74. minutuan Oinatz Carreñok 2-1ekoa ezarri zuen, eta deskontuan Iñaki Agirrek hirugarrena sartu zuen, Etxarriko zaleen gozamenerako. 

Datorrena
Kirol Sport da erregional mailako bosgarren multzoko lider berria (10 puntu). Etxarri Aranatz hirugarrena da (9 puntu) eta Lagun Artea bosgarren (7 puntu). Erregional mailako bosgarren jardunaldiari dagokionez, Etxarri Aranatz taldeari atseden jardunaldia dagokio. Lagun Arteak, aldiz, urriaren 18an, 16:30ean, Zelai Berrin, Lagunak B taldea hartuko du Zelai Berrin.