Industria Biziberritzeko Planaren diagnosiaren kontraste garaia

Guaixe 2025eko urriaren 17a

Udal ordezkarien bilera. SGA

Hainbat eragilerekin partekatzen ari dira egindako diagnosia. Helburua da Sakanako industria berritu eta etorkizunerako sendoago baterantz bideratzea.

Sakanako Agentzia Garapena (SGA), Sodena, Nafarroako Gobernua, Sakanako Mankomunitatea, Sakanako Enpresen Elkartea eta Nafar Lansare elkarlanean ari dira Industria Biziberritzeko Plana zehazten. Eragile sozioekonomiko eta instituzionalen parte-hartzearekin, plana gauzatzeko prozesua lehen pausoak ematen ari dira. Horien artean dago Sakanako industriaren diagnosia egitea. Horretarakok lehen kontraste bilerak eginen dituzte gizarte, enpresa, politika eta udal eragileekin lastaila hasieran. SGAko arduradunek azaldu dutenez, "topaketa horiek funtsezkoak izango dira errealitatea partekatzeko, ikuspegiak jasotzeko eta etorkizuneko norabideak kolektiboki adosteko". Bilera horietan Sakanako industriaren etorkizuneko plana abiaraziko dute, "eskualdeko gaitasunetan eta elkarlaneko indarrean oinarrituta".

SGAko buruek azaldu dutenez, "planaren helburua lanpostu iraunkor eta duinak sortzea da, tokiko enpresen gaitasunetan oinarrituta eta etorkizunerako dibertsifikazio aukerak identifikatuz". Hori lortzeko, bi bide uztartuko dituzte. Alde batetik, Nafar Lansarek eta beste eragile batzuek enpresa itxierek eragindako langabetuei laguntzeko lantzen ari diren neurriak (birgaitze profesionala, prestakuntza eta birkokapen aukerak). Eta, bestetik, biziberritze plana zehazteko prozesua martxan jartzea.