Sakanako Mankomunitateak Urdalurko ur sarea luzatzeko lanak Construcciones Mariaezcurrena enpresari eman zizkion 1.749.017,58 euroren truke. Lanak finantzatzeko ibarreko erakundeak Nafarroako Gobernuaren %80ko dirulaguntza du. Lanak iraileko aurreneko astean hasi ziren eta martxorako despedituta izanen dira.
Etxarrengo lotunearen eta Irurtzun ur biltegiaren artean 4.800 metroko ur sarea eginen da, fundizioko hodiekin. Horretaz aparte, hodi nagusiak adar bat izanen du Etxeberri eta Egiarretari uraren goi hornidura eskaintzeko. Biek, Irurtzun, Aizkorbe, Urritzola, Izurdiaga eta Errotz bezala, Iribasko iturburuko urez hornitzen dira egun.
Sareak Etxarrengo industrialdetik eta nekazaritza lurretatik zuzenean industrialderantz joko du. Autopistaren (AP-15) Larraun ibaiko zubitik pasa eta ibai eta autopistari paralelo segiz iparralderantz eginen du. Autopistaren beste zubia baliatuta Etxeberri eta Egiarretarako adarra eginen da. Adar nagusiak autobiaren ertzetik Matxainen aparkalekuaren ondotik Plazaola bide berdera joko du, handik ur biltegiraino iristeko.