Astekaria

"Elkarrekin bizi eta elkarrekin erabakitzea"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko urriaren 23a

Jexux Olaziregi Bagues Altsasuko plazan.

Gure Esku dago, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimenduak, Euskal Herria Lau Haizeetara dinamikaren aurkezpenak egiten ari da. Zuzendaritzako kidea da Jexux Olaziregi Bagues.

Gure Eskurena aurkezpen dinamika da eta hiruzpalau hilabete iraunen du. Helburua da, batetik, testuinguru politikoa nola dagoen herritarrekin partekatzea da, eta ikasturteko plangintza azaltzea. Eta, bestetik, lekuan lekuko eragileekin egon nahi dute, eta haiekin ikuspegiak partekatzea. 

Errealitatearen zein irakurketa egin duzue?
Bi mundu ikuskera talkan daude. Bata da trumpismoa, indibidualismoa, ultraeskuinaren eta faxismoaren gorakadak, migrazioaren kontrako diskurtsoak eta eskubideen urraketak eta eskubideen murrizketak oro har. Bestea da eskubideen babesa, kolektiboaren garrantzia, gu garenaren babes hori. Bi ikuskera horiek maila guztietan talkan ari dira. Bestetik, agerikoa da frantziar estatua krisi bizian dagoela. Eta espainiar estatuak ere aspaldiko krisia du, zeren estatua ez da gai lurralde auziei erantzuteko. Euskal Herrian, bestalde, hiru errealitate ditugu. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) aukera batzuk zabaltzen ari direla dirudi. Trena tunelean dago. Ez dakigu tunelaren hasieran, erdialdean edo akaberan dagoen. Iruditzen zaigu lehenago edo beranduago etorriko dela akordio bat. Ez dakigu akordio horrek gure eskakizun guztiak aseko dituen, baina bai iruditzen zaigu burujabetza osoaren bidean pausoak ematen jarraitu behar dugula. Nafarroan Cerdan auziarekin sortu da gotortzeko eta gaur egun dagoena babestu beharra. Hala ere, iruditzen zaigu argi izpi batzuk egon daitezkeela. Eta Ipar Euskal Herrian Bateraren berregituraketa prozesuaren ondoren orain autonomiaren bila jarri dira.  

"Herri honek eskubideen defentsan sekulako ahaleginak egiten ditu"

Tokiko eragileekin harremana izan, zertarako?
Aurtengo plangintza azaltzeko. Herri Libre bat kanpaina martxan jarri genuen joan zen urtean, eta aurten borobilduko dugu. Garagartzaroaren 7ko manifestazioaren ondoren iruditzen zaigu erdigunean kokatu dela berriro ere herri honek burujabetzaren beharra daukala. Hiru ildo landuko ditugu. Ahalduntzearen barruan, konferentzia subiranista eginen dugu otsailaren 28an. Gure Eskuren Periskopioa buletinaren hiru aleetako bat konferentziaren edukiak jasoko ditu. Harremanei dagokionez, Euskal Herria herri gisa aitortzen duten eragile, sindikatu eta alderdiekin harreman estuak ditugu. Baino gehiago estutzeko hautua egiten dugu. Bereziki partekatua den zoru hori gero eta gehiago ongarritzeko eta finkatzeko, horren gainean eraikitzeko. Iruditzen zaigu Gure Eskuren ekarpenik handiena euskal gizartearentzat hori izan litekeela. Azkenik, mobilizazio ildoa, zehazten ari garena eta azaroaren 18an aurkeztuko dugu. Nahikoa anbizio handikoa da.  

Herria geldirik al dago? 
Herri hau oso aktibo dago, egunero zer edo zer dago hainbat gairen inguruan: Palestinaren alde hilaren 15ean egon zena, Euskal Selekzioa eta Palestinaren harira azaroaren 15ean dagoen elkartasun martxa, herri hau astero-astero kalean dago hainbat eskubideen defentsan... Herri honek eskubideen defentsan sekulako ahaleginak egiten ditu.

"Kostatzen zaigu burujabetza material hori burujabetza formalarekin lotzea"

Burujabetzaren gaia kalean al dago? 
Burujabetzaren gaia kalean dago, baina ez dago zuzenean burujabetza politikoari edo subinarismoari lotuta. Gehiago islatzen da burujabetza materialean: etxebizitzarako eskubidea, pentsioak eta gutxieneko soldata bertan erabakitzea, lan esparruko marko propioaren eskaera... Berez auzi hori badago. Baina kostatzen zaigu burujabetza material hori burujabetza formalarekin lotzea, biak elkar elikatzeko, elkar osatzeko eta eta elkar eragiteko. Hor dugu zailtasuna, ez bakarrik guk, herri gisa ere bai. Gure nazio ulerkera eskubideen defentsan kokatzen da. 

Erabakitze eskubidea, zertarako? 
Erabakitzeko eskubideak herritarren beharrak asetzeko izan behar du. Esaterako, EAEko gaur egungo estatusa kortse bat da, ez da nahikoa XXI. mendean ditugun erronkei erantzuteko. Are gehiago Nafarroan eta are gehiago oraindik ere Ipar Euskal Herrian. Eskubide gehiago behar ditugu. Eskumen gehiago behar ditu Euskal Herriak, estatuekin izango dituen harremanetarako, gure lurraldeen arteko harremanetarako, nazioartean bestelako jende batekin izanen diren harremanetarako. Horretaz erabakitzeaz aparte, guztiei eragiten diguten eguneroko gaiez erabakitzeko. Burujabe baldin bagara, guk hartuko ditugu gure erabakiak. Eta erabakitzeko eskubidearen atzean borondate hori dago: elkarrekin bizi eta elkarrekin erabakitzea. 

"Erabakitzeko eskubidea herritarren beharrak asetzeko izan behar du"

Euskal Herriaren burujabetzari haizea eman nahi dionak zer egin beharko luke?
Burujabetzaren inguruko dinamikak egunerokoan ere susta daitezke. Norberak erabakitzen du non, nola eta zer erosten duen, zeri laguntzen dion... Zorionez inguruan gero eta burujabetza dinamika gehiago dauzkagu. Horiek sustengatzea eta laguntzea hautu bat da. Jakina, Gure Eskuko taldeak zabalik daude, gurekin bidea egin nahi duena gonbidatuta dago. Iruditzen zaigu herri honetan burujabetza mugimendu asko daudela, anitzak, eta horiek ere pixka bat sostengatzea eta babestea bada hautu interesgarria. 

Azaroaren 15eko futbol partida aipu duzu lehen. 
Euskal selekzioak Palestinaren kontra jokatuko du Bilbon azaroaren 15ean. Euskal Selekzioaren partidaren aurretik kalejirak egoten dira normalean. Testuingurua dena izanda, kalejiraren ordez Herri libreak elkartasun martxa antolatu dugu Gure Eskuk, Gu ere bai selekzioaren aldeko dinamikak eta Gernika Palestinak elkarlanean. 17:30ean abiatuko da Arriagatik. Bi herri daudela aldarrikatuko dugu. Biak zapalduta daude eta bien nazio eskubideak aldarrikatuko ditugu, selekzioarena barne. Elkartasunaz harago hemen herri bat dagoela irudikatu nahi dugu. Eta bi herriek batera ea zer egin dezakegun.