Pilota

Ezkurdiak eta Bakaikoak hautagaitza aurkeztu dute

Maider Betelu Ganboa 2025eko urriaren 17a

Joseba Ezkurdia lehen puntuarekin pozik dago, eta Joanes Bakaikoa ere bai. UTZITAKOA

Lau eta erdiko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian Ezkurdiak Jaka du aurkari eta Bakaikoak Altuna

Lau eta Erdiko A Serieko Txapelketan Ezkurdiak eta Bakaikoak aurrerapauso handia eman dute, final laurdenetako lehen jardunaldian biek lehen puntua lortu baitute. Kaiolako hiruna txapel dituzte biek, eta espezialistak direla erakutsi zuten, nahiz eta sentsazio ez oso onekin bukatu. 

B multzoan Joseba Ezkurdiak Larrazabal 22-19 mendean hartu zuen partida gogorrean. "Pozik nago puntuarekin, irabazten hastea garrantzitsua delako. Fisikoki ongi ikusten naiz, txisparekin, baina ezkerrarekin ez nuen pilota ongi sartzen eta akats tonto dezente egin nituen. Nahi bezala ez dut jokatu, nahi bezalako sentsazioekin ez naiz geratu, baina puntuarekin pozik nago" azaldu du arbizuarrak. Jaka du aurkari gaur, ostirala, Villabonan (19:00). "Gustura nabil, entrenamendu onak egin ditut. Jaka oso arriskutsua da, aireko jokoa ikaragarri dominatzen du. Aurkari zaila dut, beste partida polit bat aurretik; lehenengo puntua lortuta, bigarrena zergatik ez?".

Bakaikoa, sorpresa ederra
Bakaikoak ikaragarrizko erremontada egin zuen Lekunberrin Zabala garaitu eta txapelketako lehen puntua lortzeko. Zabala 1-9, 6-14 eta 20-15 jarri zen aurretik, baina etxarriarrak, Josu Igoa botilleroaren ezinbesteko animo eta laguntzarekin –"segi hotz, mantendu hotz"– buelta eman zion, 22-21. Erresistentzia bikaina izan zuen etxarriarrak, eta argi utzi zuen inoiz ez duela amore ematen. "Ez dut kantxan nahi bezala disfrutatu; Josuri esker jakin izan dut eusten, zihurtasun handia ematen didalako. Garrantzitsuena puntua lortzea zen, eta pozik nago". Bihar, larunbata, Altuna du arerio, Eibarko Astelenan (17:30). "Altuna betidanik asko miresten dudan pilotari bat da, eta amets bat da beraren kontra jokatzea. Behin hemen egonda, denak irabaztera ateratzen gara; Osasunak Madrili irabazten dio batzuetan eta ea nik irabazten diodan".