Hirugarren mailako hirugarren jardunaldiak hiru puntu utzi ditu Sakanan.
Altsasuk Tuteran jokatu zuen Ribera de Navarraren kontra eta hasieratik Erriberako taldeak aldea hartu zuen, 3-0, ia konturatu gabe. Asier Salgadok 3-1 hurbildu zuen Altsasu, baina berehala bosgarrena sartu zuen Ribera Navarrak. Altsasuk ez zuen behera egin eta Aritz Sevillari eta Christian Leoni esker 5-3 hurbildu ziren gorritxoak, baina hortik aurrera Ribera Navarrak airea hartu zuen eta 8-3ra joan zen. Minutu baten faltan Gaizka Martinek Altsasuren laugarren gola sartu zuen, eta 8-4 despeditu zen partida.
Uharte Arakilgo Aralar Mendik garaipen potoloa ospatu zuen Burlatan, 3-17 hartu baitzuen mendean Burlata futbol eskola. Uharte arakildarrak hasieratik nabarmendu ziren, eta 0-8ra joan ziren zuzenean. Partidak ildo beretik jarraitu zuen, eta etxeko taldeak, Burlatak, jipoi gogorra jaso zuen. Golegileak Jon Erice (3), Jon Arenaza (2), Jorge Mariñelarena (3), Mounir El Akkari (3), Jon Erice (3), Ibai Martiarena, Aimar Sanz eta Unax Trevejo (3) izan ziren.
Hirugarren mailako liderra Ribera de Navarra da (9 puntu), Gazte Berriakekin puntutara berdinduta. Aralar Mendi zazpigarren da (3 puntu), eta Altsasu hamaikagarren, punturik gabe. Laugarren jardunaldian Altsasuk Burlata hartuko du, urriaren 16an, osteguna, 19:30ean, Zelandin. Aralar Mendik urriaren 18an, larunbata, 18:00etan Berriozarko Mendialdea hartuko du Uharte Arakilgo Larrebietan, 18:00etan.