Pilota

Ezkurdia finalerdietan, eta Bakaikoak lana du aurretik

Guaixe 2025eko urriaren 20a

Ezkurdiak partida bikaina egin zuen Jakaren kontra. EITB

Ezkurdiak Jaka mendean hartu zuen maisuki jokatu ondoren eta finalerdietan da. Aldiz, Bakaikoak galdu egin zuen Altunaren kontra eta ligaxkako azken jardunaldian Peña irabazi eta Zabalak egiten duenaren zain geratu beharko du.

Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldiak finalerdietara pasako diren lehen bi pilotariak erabaki ditu, Ezkurdia eta Altuna. Beste biak hirugarren eta azken jardunaldi erabakigarritik aterako dira. 

B multzoan, Joseba Ezkurdiak Erik Jaka izan zuen aurkari Villabonako frontoian. Arbizuarrak sekulako partida jokatu zuen eta gipuzkoarra jokoz kanpo utzita, 22-9 gailendu zen eta finalerdietarako txartela lortu zuen. Ezkurdiak erabaki zuen hasieratik, nahiz eta zenbait akats egin. Baina bederatziko berdinketaren ondotik hegan egin zuen arbizuarrak eta zuzenean 22ra joan zen, Jaka jota utzita.  Ez zuen inolako oparirik egin eta kantxan agindu zuen. Jakak ez zuen Ezkurdia gainetik kentzeko formularik aurkitu, eta alde batetik bestera dantzan aritu behar izan zen Ezkurdiaren doinuari segika. 34 urte ditu arbizuarrak, baina ikaragarri jokatzen ari da, lau eta erdian hiru partida ikusgarri jokatu ditu eta kaiolako txapela janzteko faboritoen artean dago, zalantzarik gabe. 

Bakaikoaren ezina
A multzoan, Joanes Bakaikoak Jokin Altuna izan zuen aurkari Eibarko Astelenan. Izugarri miresten duen pilotariaren kontra aritzea berarendako “ametsa” zela aitortu zuen etxarriarrak eta jakin bazekien gipuzkoarra zela faborito nagusia, “baina batzuetan Osasunak Madrili irabazten dio eta nire jokoa egin eta disfrutatu” hori zen bere nahia. Hasieratik bukaerara kolore gorria izan zuen partidan Altunak 22-8 irabazi zion Joanes Bakaikoari. 

Altunari dena atera zitzaion eta Amezketako magoak erakustaldi ikaragarria egin zuen: gantxoak, sake-erremateak eta denetariko tantoak, bata bestearen atzetik egindakoak. Bakaikoa airean eta dantzan izan zuen eta ez zion aukerarik ñimiñoena eman. 40 minutuko iraupena izan zuen partidan 217 pilotakada gurutzatu zituzten. Akats berdinak egin zituzten, launa akats, baina diferentzia egindako tantoetan egon zen: lau tanto egin zituen Bakaikoak eta 18 tanto Altunak.

Laburbilduz, Jokin Altunak finalerdietarako txartela eskuratu du, Joseba Ezkurdiarekin batera. Gainontzeko bi txartelak hirugarren jardunalditik aterako dira. B multzoan Jakak eta Peio Etxeberriak dute finalerdietara heltzeko aukera, Larrazabalek orain arteko bi partidak galdu dituelako. Ezkurdiak Peio Etxeberria izango du aurkari urriaren 24an Elizondon, eta Jakak eta Larrazabalek egun berean jokatuko dute Tafallan. A multzoan, Bakaikoak Peña II.aren kontra jokatuko du urriaren 26an Bilbon, eta Altuna II.a eta Zabala urriaren 25ean lehiatuko dira, Tolosan.