Atarrabiak Nafarroa Oinez, Nafarroako ikastolen urteko jai handia hartu zuen atzo, lastailak 19. Milaka lagunek bete zituzten herriko kale eta jai guneak giro ezin hobean. Haien artean makina bat sakandar izan ziren. Batzuk ospakizunaz gozatzera joandakoak, besteak festa aurrera ateratzeko lanera joandakoak. Antolatzaileak pozik agertu ziren jardunaldiaren bilakaerarekin eta ezarritako helburuak lortu zituztela jakinarazi zuten.
Eskerrak eman zizkieten festaz gozatzera eta euskara eta ikastolak babestera hurbildu ziren guztiei. Era berean, arduradun politikoei ausardia eskatu zieten berriro ere, “egungo zonifikazioa gainditu eta Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dituen hizkuntza politika ausart, integral eta eraginkorra bultzatzeko”. Heldu den urtean Nafarroa Oinez Zizur Txikiko San Fermin Ikastolak eta Vianako Erentzun Ikastolak antolatuko dute.