Gizonezkoen lehen maila autonomikoko laugarren jardunaldian Xotak Zubiriko Ibararte hartu zuen Atakondoan. Zubirikoak hasi ziren hobeki, 0-2 aurreratu baitziren, baina Xotak partidari buelta eman zion, Andres Felipe Cadenari eta Mikel Arregiri esker bina berdinduz. Azken txanpan, ordea, Zubirikoen loraldia iritsi zen eta beste bi gol sartuta, 2-4 irabazita joan ziren etxera.
Arbizu Kirol Taldeak Cascanten jokatu zuen Canteraren kontra. Bitan aurreratu zen Cantera, baina Mattin Petriatik eta Jokin Urzelaik bina berdindu zuten. Hortik aurrera, tamalez, aldarte hobea izan zuen Canterak eta 4-2raino joan zen. Andoni Goikoetxeak 4-3 hurbildu zuen Arbizu, baina partida bukatzear zela bosgarren gola sartu zuen Canterak eta 5-3 irabazi.
Altsasuk lehia bizia izan zuen Mendialdearekin Berriozarren. Lehen txanpan Berriozar aritu zen hobeki, eta 6-1 aurreratu zen. Chej Malainin Hafdalak sartu zuen Altsasuren gola. Raul Sanchezek Altsasuren bigarren gola sartu zuen, Jose Expositok hirugarrena, eta 6-3 hurbildu zen Altsasu. Mendialdea atzera ere berpiztu zen eta zazpigarrena sartu zuen. Raul Sanchezek 7-4 gerturatu zuen Altsasu, baina segidan zortzigarren gola egin zuen Mendialdeak. Altsasuk azken minuturaino erasoan jarraitu zuen. Eneko Iraurgik eta Raul Sanchezek 8-6koa ezarri zuten, baina markagailua ez zen gehiago mugitu.
Gazte Berriak da lehen maila autonomikoko liderra (12 puntu). Xota bosgarren da (6 puntu), Arbizu seigarren (6 puntu) eta Altsasu azkena, punturik gabe. Bosgarren jardunaldian Xotak Gazte Berriak liderra du aurkari urriaren 25ean, 18:00etan, Antsoainen. Arbizu Kirol Taldeak Anaitasuna du aurkari, egun berean, 17:30ean, Anaitasunan. Azkenik, Altsasuk Cantera hartuko du urriaren 26an, 10:00etan, Zelandin.