Areto futbola

Altsasu eta Aralar Mendiren derbiaren atarian

Guaixe 2025ko urr. 22a, 13:30

Altsasu eta Aralar Mendi, 2024ko Sakanako Kopan. ARTXIBOA

Hirugarren mailan Altsasuk denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Burlataren kontra. Aralar Mendik Mendialdearekin berdindu zuen. Datorren jardunaldian bi talde sakandarren lehen derbia jokatuko da Uharte Arakilen

Hirugarren mailako areto futbolean Aralar Mendik eta Mendialdeak lehia oso estua izan zuten Uharte Arakilen. Partidak denetatik izan zuen, alternantzia handia. Jon Iribarrenek Aralar Mendi aurreratu zuen, baina Mendialdeak berdindu zuen. Jon Arenazak uhartearren bigarrena sartu zuen, baina Mendialdeak bolada ona izan zuen eta hiru gol jarrian sartuta, 2-4 aurreratzea lortu zuen. Orduan iritsi zen uhartearren erreakzioa. Jon Iribarrenek, Jon Arenazak eta Julen Ndoyek partidari buelta eman eta Aralar Mendi 5-4 jarri zuten aurretik, baina, tamalez, azken minutuetan Berriozarko taldeak bosna berdintzea lortu zuen eta horrela despeditu zen partida. 

Altsasuk, aldiz, azken hiru partidetan galtzearen arantza kendu eta laugarren jardunaldian denboraldiko lehen garaipena lortu zuen, Burlata Futbol Eskolari 11-1 irabazita. Altsasuarrak izan ziren jaun eta jabe eta Christian Leon (2), Jon Lopez de Goikoetxea, Asier Salgado (3), Jonathan Medina, Alvaro Garcia, Denis Javier Ordoñez, Xabier Aiestaran eta Aritz Sevilla golegileak. 

Hirugarren mailako liderra Ribera de Navarra da (12 puntu). Aralar Mendi zazpigarren da (4 puntu) eta Altsasu bederatzigarren (3 puntu). Hirugarren mailako bosgarren jardunaldian Uharte Arakilgo Larrebieta pilotalekuak Aralar Mendi eta Altsasu taldeen arteko lehen derbia hartuko du. Partida Urriaren 25ean jokatuko da, larunbata, 18:00etan.